Gizartea -

Koronabirusa

Diskotekak itxita hilabetez, eta murrizketak Gabonen aurreko ospakizunetan, Ipar Euskal Herrian

Frantziako Gobernuak erabaki du neurri horiek ezartzea, kontuan izanik nolako bilakaera ari den izaten pandemia Ipar Euskal Herrian eta Estatu osoan.

Baionako kale bat. EITBren bideo batetik hartutako argazkia.
Baionako kale bat.
Baionako kale bat. EITBren bideo batetik hartutako argazkia.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ipar Euskal Herriko diskotekak hilabetez izango dira itxita, hilaren 10etik aurrera, eta Gabonen aurreko ospakizunetan murrizketak izango dira, asteburuko jaiak salbatzea helburu. Frantziako Gobernuak erabaki du neurri horiek ezartzea, kontuan izanik nolako bilakaera ari den izaten pandemia, eta astelehen honetan eman ditu horien berri Jean Castex lehen ministroak.

Castexek argudiatu duenez, diskotekak itxiko dituzte gazteen artean birusaren transmisioa oso altua baita, eta, halaber, dantzalekuetan zaila delako maskara aldean eramatea. Lehen ministroak zehaztu du kaltetutako enpresek laguntza ekonomikoak jasoko dituztela.

Jean Castexek azaldu du oraingoz ez dagoela justifikaziorik beste neurri murriztailerik ezartzeko; adibidez, edukieretan mugak jartzeko edo etxeratze-aginduak agintzeko. Nolanahi ere, zuhurtzia eskatu du Gabonetako ospakizunetan, adibidez enpresa-afarietan, eta beste festetan: "Asmoa ez da hitzordu horiek debekatzea; asmoa da pertsonen arteko tartea zaintzea, eta maskara eramatea. Ezinezkoa denean, debekatu egingo ditugu", esan du.

Gainera, aire zabalean egitekoak diren ekimenetan, Gabonetako merkatuetan kasu, osasun-ziurtagiria derrigorrezkoa izango da.

Urte-bukaerako jaietara arte, erritmoa jaitsi behar dugu ospakizun pribatuetan. Hurrengo hiru asteotan zaintzari eusten badiogu, gainditu egingo dugu olatu hau", esan du lehen ministroak.

Telelanaren aldeko apustu handiagoa

Castexek, halaber, nabarmendu du telelanaren aldeko apustua handituko dutela Ipar Euskal Herrian, astean bizpahiru eguneko telelanaren alde eginda. Gainera, ikastetxeetan musukoa ezarriko dute, baita geletan ere, eta gelak itxiko dituzte hiru positibo atzemanez gero; eskola-eremuan, kontaktu-kirolak mugatuko dituzte. Adingabeen kutsatzeen tasak bikoiztu egiten du helduena, Frantziako Gobernuaren datuen arabera.

Testuinguru horretan, Frantziako lehen ministroak zehaztu du hilaren 15ean hasiko direla 12 urtetik beherakoak txertatzen, osasun-arriskurik handiena duten kasuetan, eta, osasun-agintarien argi berdea jaso bezain laster, gainerakoak txertatzeari ekingo diotela, urtea amaitu baino lehen.

Neurri murriztaile horiek, gehitu duenez, "ezinbestekoak dira birusak indar handiagoa hartzeko eta osasun-sistema arriskuan egon dadin. Sistema hori krisian sartu ez bada txertaketari esker da: izan ere, helduen ia % 90ek jaso dute txertoa".

Olivier Veran Frantziako Gobernuko Osasun ministroak, aldiz, esan du omikron aldaerak ez duela aldatuko, oraingoz behintzat, Gobernuaren estrategia, olatu berri honi aurre egite aldera. Veranen hitzetan, aldaera berri hau delta baino "kutsakorragoa da, baina ez arriskutsuagoa", eta hori da Frantzian hedatuena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Osasun Zerbitzu Publikoa Iparraldea Baionako argazkiak Maule argazkiak Donibane Garazi argazkiak Gaixotasunak bideoak Gizartea Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza gaur Botikak albisteak Txertoak Donostia Unibertsitate Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Nafarroako Ospitale Gunea albisteak Zuberoa COVID kasuak Lapurdiko azken ordua Nafarroa Behereko azken ordukoa Galdakao-Usansolo Ospitalea albisteak Lehen Arretako zentroak Osasunbidea