Gizartea -
Indarkeria matxista
Frantzian atxilotu dute Tuteran eraildako emakumearen senarra
41 urteko atxilotuak emaztea hil zuela arrazoitzen duten zantzuak daude, Tuterako guardiako epailearen arabera. Emakumea hil ostean, Nafarroatik alde egin zuen, eta Boiseredon (Frantzia) harrapatu dute.
Agentziak | EITB Media
Tuteran hildako emakumearen senarra atxilotu dute, Frantzian agertu ostean. 41 urteko atxilotuak emaztea hil zuela arrazoitzen duten zantzuak daude, Tuterako guardiako epailearen arabera.
Emakumea hil ostean, Tuteratik alde egin zuen, eta Boiseredon (Frantzia) agertu da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak jakinarazi duenez.
Orain, emakumeen indarkeriaren aurkako kasuetan espezializatuta dagoen Tuterako Instrukzioko bigarren epaitegira bideratuko du kasua epaile horrek.
Epaileare erabakia jakin aurretik, Tuteran (Nafarroa) eraildako emakumearen senarra bilatzeko agindua eman die gainerako poliziei Foruzaingoak, hilketa matxista gisa ikertzen ari ziren honetan.
Sortzez Cortes herrikoa zen Sara Pina 38 urteko emakumea da eraildakoa. Irakaslea zen Castejongo Dos de Mayo eskola publikoan. Biktima duela gutxi bizi zen 41 urteko gizonezkoarekin.
Polizia iturrien arabera, familia jarri zen Foruzaingoarekin harremanetan, bikotearen berri ez zutela eta. Etxebizitzara joan, eta inork zabaltzen ez zuela ikusita, indarrez sartu ziren agenteak 10:30ean. Logeletako batean topatu zuten gorpua, indarkeria zantzuekin.
Remirez: "Ikerketa lerro guztiak zabalik daude, baita genero indarkeriarena ere"
Hilketaz galdetuta, Javier Remirez Nafarroako Gobernuko bozeramaile eta presidenteorde lehenak ikerketaren emaitzen zain egoteko deia egin du. "Ikerketa lerro guztiak zabalik daude, baita genero indarkeriagatik egindako hilketarena ere".
Tuterako 1. zenbakiko Instrukzio Epaitegiak hartu du hilketa ikertzeko ardura, eta sekretupean jarri. Aurrena, indarkeriazko heriotza izan dela baieztatu beharko du autopsiak (gaur bertan egingo diote Iruñeko Auzitegi Medikuntzako Institutuan).
Tratu txar salaketarik ez
Oraingoz, "indarkeriazko zantzuak dituen judizializatutako heriotza gisa" ikertzen ari dira, Foruzaingoko iturriek EFEri zehaztu diotenez. Ez zegoen tratu txarren salaketarik, baina hala izan ohi da hilketa matxisten % 80an.
Bitartean, Cortesko Udalak ezohiko bilera egingo du arratsaldean eta elkarretaratzea ditu 20:00etan hilketa gaitzesteko.
Horrez gain, dolumin mezua eskegi du sare sozialetan. Emakumeari "pasarazitako une onengatik" eskerrak ematen dizkiote (herriko antzerki taldean omen zebilen), baita bere "izateko moduagatik" ere. Udalak eskela ere partekatu du. Bihar egingo dute emakumearen aldeko hileta.
Tuterako Udalak, berriz, asteazkenean egingo du ezohiko bilkura. Nafarroako Gobernuak hilketa gaitzetsi du eta krimena salatzeko antolatu daitezkeen mobilizazio guztietan parte hartzeko deia egin du.
Tuterakoa hilketa matxista dela baieztatuko balitz, 2022an Euskal Herrian gertatzen den lehena izango litzateke.