Gizartea -

Donostiako Aste Nagusia

1.133.000tik gora lagunek gozatu dute Aste Nagusiko ekitaldiez

Donostiako Udalaren balantzeak herritarren parte-hartze handia eta zerbitzuen "koordinazio bikaina" nabarmendu ditu. Meteorologiak markatutako jaiak izan dira, Alde negatibo gisa, eraso matxistak, eta mahai gainean, horiekin amaitzeko erronka.

Erraldoiak eta Buruhandiak Zuloaga plazan. EITB Media.
Erraldoiak eta Buruhandiak Zuloaga plazan. EITB Media.
Erraldoiak eta Buruhandiak Zuloaga plazan. EITB Media.

O. P. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur, Donostiako Aste Nagusiaren ondorengo astelehenean, Donostiako Udaleko Jaietako zinegotziak jaien lehen balantzea egin du, eta Eneko Goia alkateak igandean egin zuen bezala, jaietan izan diren 400 ekitaldi baino gehiagotan herritarren parte-hartze handia azpimarratu du, baita jaien antolaketan inplikatutako zerbitzuen arteko koordinazioa ere.

Udalaren arabera, 1.133.000 pertsonek gozatu dute Aste Nagusian zehar antolatutako jarduerez Eguraldi txarragatik halabeharrez murriztutako agenda eta zifrak, izan ere, asteazkenean denboralea dela eta bertan behera gelditu ziren ekitaldi ugari eta osteguneko askori ere eragin zien. Hala ere, Jon Insausti Jaietako zinegotziaren arabera, hiriak kalera atera du ospatzeko eta ondo pasatzeko gogoa, eta parte-hartze masiboari esker "donostiarrek handi egin dute euren astea".

Antolatzaileen arabera, 488.000 pertsona inguruk jarraitu dute Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketa astean zehar (asteazkena izan ezik, bertan behera utzi behar izan baitzen euriagatik). Hala, larunbatean, igandean, astelehenean eta ostiralean ehun mila pertsona inguru bildu ziren, eta  amaierako ikuskizun piromusikalak 110.000 pertsona bildu zituen. Zezensuzkoa gauetarako "osagarri ezin hobea" izan da, eta 25.000 pertsonak baino gehiago izan dira horietan. 

Sagueseko kontzertuak izan dira, halaber, suekin batera jende gehien bildu dituzten ekitaldiak, 74.500 pertsona guztira, Udalaren arabera. Gatibu izan zen kontzertu jendetsuena (18.000 pertsona), bota Zetak (13.500 pertsona), La M.O.D.A. (12.000 pertsona) eta Izaro eta Ariel Rot eta Kiko Veneno (11.000 pertsona) ere. Mitic eta Ana Guerraren asteazkeneko kontzertuak bertan behera geratu ziren.

Kursaalaren inguruan antolatutako jarduerak ere "oso erakargarriak" izan dira. 175.000 pertsona inguruk hartu dute parte Kongresu Jauregiaren inguruan antolatutako hitzordu eta espazioetan. Bertan egindako Disko Festan, milaka gaztek espazio seguru batean gozatu ahal izan dute musikaz.

Erraldoiak eta buruhandiak izan dira aurten ere "garaile handienetako" bat kale eta auzoetan egin dituzten emanaldietan. 42.000 pertsona inguruk bat egin dute konpartsarekin, txikien eta nagusien gozamenerako.

16.000 pertsona inguruk jarraitu zituzten festen hasierako Kanoikada eta Artillero, ondorengo Holy Fest-ekin batera. Txistulari Alardeak 2.000 lagun bildu zituen Konstituzio Plazan.

Herriko eragileen eskutik antolatutako ekintzek, hala nola lehiaketa gastronomikoek, Easoko dantzaldiek edo haurrentzako jolasek, arrakasta handia izan dute, baita Gros, Antigua eta Amara auzoetan antolatutako jarduerek ere, festa giroa hiri osora zabaltzen lagundu dutenak.

Halaber, Piratek Aste Nagusiari emandako "alaitasuna eta umore ona" azpimarratu ditu Udalak, Abordatzetik bertatik hasita, zeinetan ehunka gaztek badia umorez eta dibertimenduz bete baiztuten.

Gainera, Pasealeku Berriko eta Artzain Oneko azoka-esparruek, Udalaren arabera, milaka lagunek atrakzio ezberdinez gozatzeko balio izan dute, eta aurten ere "bi gune jendetsuenetakoak eta anitzetakoak" izan dira.

Koordinazioa eta segurtasuna

Insaustik festaren antolaketan inplikatutako zerbitzu guztien "koordinazio bikaina" azpimarratu du, "Donostia Festak, garbiketa-zerbitzuak, Udaltzaingoa, Mugikortasun saila, suhiltzaileak, Berdintasun saila, Mantentze-lanak eta Hiri Zerbitzuak", hain zuzen ere, horiei esker "ekitaldi guztiak gorabehera nabarmenik gabe egin ahal izan baitira".

Alderdi negatiboan, Insaustik emakumeen aurkako ziztadengatik eta gehiegikeriengatik jarritako salaketak aipatu ditu; eta azpimarratu du beharrezkoa dela lanean jarraitzea festak emakume eta parte-hartzaile guztientzat seguruak izan daitezen, "kasu bakar bat ere deitoratu beharrik ez izateko".

Horrek guztiak datorren urteko Aste Nagusian pentsatzen hasteko erronkaren aurrean jartzen du udal taldea, 2023ko jaiak "historiako onenak izan daitezen".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Donostiako Aste Nagusia Donostia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Jaiak Matxismoa