Gizartea -

Ongi Etorri Errefuxiatuak

Ukrainako errefuxiatuei harrera egiteko politikak migratzaile guztiei bidera ditzatela eskatu dute

Plentzia eta Gorlizen egindako ‘Marea Horia’ ekimenean bildutakoek migrazio-politika berriak ezartzea eskatu dizkiete Europako gobernuei. Izan ere, gaur egungo neurriek heriotzara kondenatzen dituzte “milaka eta milaka” pertsona migrazio-bideetan.

Gaur eguerdian egin duten ekimenaren uneetako bat. Argazkia: Ongi Etorri Errefuxiatuak
Gaur eguerdian egin duten ekimenaren uneetako bat. Argazkia: Ongi Etorri Errefuxiatuak
Europan migrazio-politika berriak har ditzatela aldarrikatu du Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak

01:08

I. R. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Beste urte batez, Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak 'Marea Horia' ekimena burutu du gaur, larunbatean, Plentzia eta Gorlizko hondartzetan. Ehun bat lagun batu da hareatza horietan gobernuei migrazio-politika berriak eskatzeko; izan ere, azpimarratu dutenez, aurten "argi" gelditu da hori posible dela, Ukrainako errefuxiatuei egindako harrera mahai-gaineratuz.

Pertsona migratzaileen aldeko elkarteak antolatutako urtez urteko ekimenak Bizkai kostaldeko bi udalerrietako hondartzak gurutzatu eta Plentziako Ontziola plazaraino egin dute martxa, hori koloredun hamaika banderez lagunduta.

Aurten ere, ekimenaren helburuak bi izan dira: alde batetik, mundu osoan milioika pertsonak bizi duten errealitatea agerian jartzea, "izan ere, hainbat arrazoi direla medio, beren jatorrizko herrialdeak utzi eta arriskuz eta zailtasunez beteriko bide bati ekin behar izaten diote, Europara iritsi nahian"; eta, bestetik, gobernuei eta erakundeei eskatzea nazioarteko itunetan jasotako giza eskubideak errespetatuko dituen migrazio- eta harrera-politikak har ditzatela.

Lehenengoaren ildotik, elkartekoek salatu dute 2014tik gaur egun arte 28.000 pertsona baino gehiago hil direla Europara iritsi nahian. 1993tik, aldiz, 49.000 pertsona hil dira, Afrikatik, Asiatik eta Ekialde Ertainetik gurera etortzeko bidean, "bereziki Mediterraneoan eta Atlantikoan, baina baita Balkanetan, Alpeetan, Mantxako Kanalean zein Bidasoa ibaian".

Bigarrenaren harira, aldiz, gogoratu dute posible dela Europan bestelako migrazio-politika bat garatzea, Ukrainako gerratik ihesi gurean hartu diren errefuxiatuekin bideratu direnak bezala. Azaldu dutenez, begi onez ikusi dute Europar Batasunak gerratik ihesi gurera etorri diren milioika ukrainarrei harrera egiteko politikak, haien egoera modu azkarrean erregularizatuta. Hala, azpimarratu dute badela garaia neurri horiek bideratzeko gainontzeko pertsona migratzaileei, haien jatorria zein den kontutan hartu gabe: "Errefuxiatuek, Espainiako Estatuan eta Euskal Herrian duintasun baldintzetan jarraitu ahal izatea aldarrikatzen dugu, baita eskubide, zerbitzu eta baliabide publikoak eskuratu ahal izatea ere, haien jatorria eta sartzeko bidea edozein izanik ere".

Ildo horretan, Luis Guridi Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako bozeramaileak penagarritzat jo du gai horretan Europan indarrean dauden politikak, "segurtasun politikara" bideratuta daudelako, "garapenera, harrerara eta giza eskubideetara baino". "Arazoa herrialde igorleen mugetan geratzea eta hona ez etortzea da helburua", kritikatu du.

Halaber, gogoratu dute irailaren 30ean eta urriaren 1ean "Eskubideak. Hilketarik ez" goiburua duen protesta ekitaldia egingo dutela Bruselan. Ekimen horietan, Europar Batasuna salatuko dute, heriotzak eragiten dituzten migrazio-politiken erantzule gisa, eta Europako instituzioei eskatuko diete migratzaileen giza eskubideak bermatuko dituzten neurri zehatzak ezartzea, baita Europar Batasunean iritsi diren eta bizi diren pertsona guztien erregularizazioa bideratzea ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Migrazioa Euskal Herria Gizartea Eguneko albisteak Plentzia albisteak Eguneko albisteak