Gizartea -

ERASO HOMOFOBOA

Asteburuan Villabonan gertatutako eraso homofobo bat salatu dute

Ertzaintzak, bestalde, Euskadi Irratiari baieztatu dio zapatu gauean gertatutako lesio-delitu baten salaketa ikertzen ari direla, eta litekeena dela eraso homofobo baten aurrean egotea.

Eraso homofoboa jasan zuen bikotea. EITBren irudia
Eraso homofoboa jasan zuen bikotea. EITBren irudia
Brayan eta Yeisson: ''Ez genuen uste ihesi egitea eragin ziguna hemen ere gertatu behar zitzaigunik''

1:14

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Igande goizaldean bikote gay batek Villabonako taberna baten kanpoaldean jasandako talde eraso homofoboa salatu dute, Euskadi Irratiak jakin duenez. Segurtasun Sailaren arabera, ez dago momentuz atxiloturik, eta erasoaren motibazioa ikertzen ari dira.

Duela hilabete eskas Kolonbiatik Zizurkilera iritsitako bikotea da salaketa jarri duena. "Ez dugu marikoi zikinik nahi, ez dugu atzerritar zikinik nahi!" oihuen artean, gogor jipoitu zituztela kontatu du lekuko batek Euskadi Irratiko mikrofonoen aurrean.

Erasoa jasan zuten bi mutiletako baten izebaren hitzetan, homosexualak zirelako eraso zieten. Hirurak beste bi seniderekin batera Villabonan gaueko giroaz gozatzen ari zirenean egin zieten eraso, 04:30 aldera. Horietako bat botila batekin zauritu zuten, eta Donostia Ospitalera eraman zuten.

Erasoa bat-batean gertatu zela esan du lekukoak, aurrez liskarrik edo istilurik izan gabe, eta, azaldu duenez, salaketa atzo jarri zuten iloba ingresatuta egon delako. Gaur arratsaldean Zizurkilgo Udaleko ordezkariekin batzartuko direla jakinarazi du.

Bestalde, Bilbao Bizkaia Harro ekimenak "irmoki" salatu du erasoa, eta eskura dituen "baliabide guztiak" eskaini dizkio biktimari, "laguntza eta babesa", besteak beste.

Gainera, "gaitzespen publiko, irmo eta azkarra" galdegin die erakunde guztiei, eta Villabonako Udalari eskatu dio akusazio partikular gisa aurkez dadila.

Azkenik, neurriak hartzera deitu du Fiskaltza, "sexu orientazioagatik egindako gorroto delitu argi bat delako".

Gehitu Elkarteko koordinatzaile Maitane Arzallusek eraso homofoboen aurrean Fiskaltzari esku-hartze zorrotzago eskatu dio eta azpimarratu du areagotzen ari direla gisa honetako erasoak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Delituak bideoak Gizartea Eguneko albisteak Homofobia mapa Villabona bideoak Eguneko albisteak LGTBI+ albisteak Arrazismoa Euskadin