Gizartea -

Alerta kimikoak

Emergentzia kimikoak. Noiz sortu daitezke? Nola jokatu?

Emergentzia kimiko bat gertatuko balitz, sirena berezi bat entzungo litzateke hainbat herritan. Egunotan simulazioak egiten ari dira herritarrek soinua ezagutu eta nola jokatu beharko luketen jakin dezaten.

Emergentzia kimiko motak. Argazkia: EITB Media.
Emergentzia kimiko motak. Argazkia: EITB Media.
Emergentzia kimiko motak. Argazkia: EITB Media.

A. Aramendi Elduaien | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hernanin, Muskizen, Santurtzin, Lantaronen, Zierbenan eta Abanto-Zierbenan sirena bereziak entzuten ari dira egunotan. Herritarrei emergentzia kimiko bat gertatu dela edota emergentzia hori amaitu dela jakinarazten dieten soinuak dira.

Herri horietan guztietan, enpresa kimikoak daude; alegia, eguneroko bizitzan beharrezkoak ditugun produktu kimikoak sortu, pilatu edo garraiatzen dituzten enpresak. Erregaiak, kloroa edo substantzia desinfektatzaileak dira horietako batzuk. Faktoria horien inguruetan bizi diren herritarrek larrialdi abisuak ematen dituzten soinu seinaleak ezagutu behar dituzte, baita emergentziaren bat gertatzen denean nola jokatu behar duten jakin ere.

Gure inguruan dauden enpresetan gerta daitezkeen istripuek suteak, leherketak, ingurugiroarentzat arriskutsuak diren isuriak edota airera substantzia toxikoak isurtzea eragin dezakete. Horrelako gertakari batek eragin kaltegarriak izango lituzke gertuen daudenen osasunean: hazkurak, narritadurak, erredurak azalean eta begietan eta arnasa hartzeko arazoak.

Zer da alerta kimiko bat?
Zer da alerta kimiko bat?
Zer da alerta kimiko bat?

2:23

Euskadiko enpresa kimiko handienek SEVESO arautegia bete eta Kanpo Larrialdietarako Plana egin behar dute. Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritza eta AVEQ-KIMIKA (Enpresa Kimikoen Euskadiko Elkartea) elkarrekin lanean aritzen dira plan horiek osatu eta probatzeko. Zeregin horietako bat enpresen inguruko herritarrei sirenen berri ematea eta larrialdi egoeran zer egin behar duten jakinaraztea da.

Zer egin behar da larrialdi kimiko baten aurrean?

Garrantzitsuena da gune itxi bat bilatzea eta larrialdia amaitu arte barruan egotea. Etxean, lantokietan, dendetan... eraikin barrura sartu behar da, eta leihoak eta ateak itxi. Horrez gainera, berogailuak edo aire girotuko makinak, elektrizitatea eta gasa itzaltzea ere gomendatzen da. Larrialdiak kalean harrapatu bagaitu, arnasbideak babestu behar ditugu, eraikin itxi batera iritsi arte, eta ez dugu autorik hartu behar.

Agintariek emergentziaren inguruko informazioa emango dute; beraz, informazioa hedabideen edo Internet bidez jasotzeko gomendatzen da. Horrez gainera, ez dugu seme-alaben bila ikastetxera joan behar: lantoki eta eskoletako langileek badakite zer egin behar duten kasu bakoitzean, eta haurrak seguru egoten dira.

Zer egin alerta kimiko batean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Santurtzi berriak Hernani Muskiz bideoak Gizartea albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Abanto Zierbena