Gizartea -

Emakumeen aurkako indarkeria

Gizon batek bere bikotekidea labankadaz hil du Iruñeko taberna batean

Erasotzailea eta biktima bikote eta bazkide ziren, ondorioz, genero indarkeria egotziko diote gizonari. Ustezko erasotzaileak hilketa aitortu du Udaltzaingoan. Azaldu duenez, taberna barruan izandako errieta baten bitartean, emaztea sastatu du.

Hilketa jazo den Iruñeko tabernaren aurrealdea. Argazkia: EFE
Hilketa jazo den Iruñeko tabernaren aurrealdea. Argazkia: EFE
Hilketa jazo den Iruñeko tabernaren aurrealdea. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gizonezko batek bere bikotekidea hil du larunbat honetan Iruñean, Ermitagaña auzoan kokatutako Anaiak tabernaren barruan, Francisco Aleson kalean.

Erasotzailea eta biktima bikote eta bazkide ziren, ondorioz, genero indarkeria egotziko diote gizonari. 

Ustezko erasotzaileak hilketa aitortu du Udaltzaingoan. Azaldu duenez, taberna barruan izandako errieta baten bitartean, emaztea labankadaz hil du.

Foruzaingoak eta Iruñeko Udaltzaingoak ikerketa abiatu dute, eta Polizia Zientifikoa lanean ibili da goizean zehar. Atxilotua igandean edo astelehenean eramango dute epailearen aurrera, eta Iruñeko Instrukziozko 3. Epaitegian deklaratuko du.

Itaia Iruñerria plataforma feministak erasoa gaitzesteko elkarretaratzea deitu du larunbat honetarako, 20:00etan, Iruñeko Enparantzan.

Erakundeen gaitzespen irmoa

Iruñeko Udalak hilketa matxista gaitzetsi du, eta hori adierazteko elkarretaratzea deitu du igande honetako 12:00etarako, ohar baten bidez jakitera eman duenez.

Udalbatza guztiek krimena eta emakumeenganako edozein indarkeria irmo errefusatu dituzte, eta indarkeriarik gabeko bizitza librea garatzeko emakumeen eskubidearen alde lan egiteko konpromisoa berretsi dute.

Cristina Ibarrola Iruñeko alkateak babesa eskaini die biktimaren senide eta lagunei, eta Udala akusazio gisa azalduko dela aurreratu du.  

Nafarroako Gobernuak ere gogor gaitzetsi du gaur goizean Iruñean izandako krimen matxista eta bat egin du Iruñeko Udalak bihar deitutako elkarretaratzearekin. Halaber, dei egiten die erakundeei, gizarte eragileei eta herritarrei bertan parte hartzeko.

Horrela, Nafarroako Gobernuak bere gaitzespena adierazi nahi die "emakumeen aurkako indarkeriaren adierazpen guztiei", eta "emakumeen bizitzaren, askatasunaren, duintasunaren eta erabateko herritartasunaren aurka egiten duten indarkeria mota guztiak desagerrarazteko" konpromiso irmoa hartu du.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Iruñea Indarkeria matxista Nafarroa Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa