Gizartea -

INDARKERIA MATXISTA

65 urtetik gorako lau emakumetik batek indarkeria matxista jasan du bizitzan zehar

Emakundek egindako txostenaren ondorioetako bat da hori, adineko emakumeengan eragindako indarkeria ikusaraztea helburu duena. Ikerketaren arabera, autonomia ekonomikorik izan ez duten emakumeak dira eta beren burua biktima gisa identifikatzeko zailtasunak dituztenak.

65 urtetik gorako emakumeen aurkako indarkeria matxista Euskadin
65 urtetik gorako emakumeen aurkako indarkeria matxista Euskadin
65 urtetik gorako emakumeen aurkako indarkeria matxista Euskadin

ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

65 urtetik gorako lau emakumetik batek (% 23,4) genero-indarkeria jasan du bizitzan zehar, eta % 5,7k pairatzen du gaur egun, Emakundek argitaratutako txosten baten arabera. Hala, adineko 67.559 emakumek genero-indarkeria motaren bat sufritu du inoiz, eta 16.456 emakumek gaur egun ere nozitzen dute.

Genero-indarkeriaren biktima diren 65 urtetik gorako emakumeen egoera aztertzeko asmoz, astearte honetan "Genero indarkeria eta emakume nagusiak" azterlana aurkeztu dute, Iratxe Herrerok eta Carlos Diaz de Argandoñak Emakundek emandako bekari esker egindako lana.

Txostenean nabarmentzen dutenez, indarkeria hori pairatu duten emakume gehienak ez dute ekonomiari dagokionez autonomiarik izan, eta lan egiteko, kontu korronte bat irekitzeko edo atzerrira joateko senarrari baimena eskatu behar izan diote. Garai hartan, etxeko atetik barrura zegoen arazoa zen.

Nabarmendu duten beste faktoreetako bat da oro har indarkeria jasan duten emakume horiek pertsonak zaintzen jardun dutela, aisialdirako eta norberaren gozamenerako tarterik gabe.

65 urtetik gorako emakumeek pairatzen duten indarkeria matxista

Azterlanak ondorioztatu du, halaber, iraupen luzeko indarkeriaren biktimak direla, indarkeria hori beren gain hartu eta normalizatu dutela, eta gizartean isolamendu-maila handiagoa dutela.

Era berean, emakume gehienek harremanari eusten diote, harik eta gizona edo emakumea bera hil arte, eta zailtasun handiagoak dituzte beren buruak biktima gisa identifikatzeko. Zaurgarrienak laugarren adineko emakumeak dira, landa-ingurunean bizi direnak.

Tratu txarrak ematen dituzten adineko gizonek ere ezaugarri bereziak dituzte; horien artean, belaunaldi gazteenekin alderatuta sozializazio patriarkala jaso dutenak edo urteen poderioz, beren portaera bortitza kronifikatzen dutenak aipatu dituzte txostenean, eta irudi publiko eta pribatu bikoitza izaten dutela.

Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak nabarmendu du oso garrantzitsua dela "adineko emakumeek indarkeria matxistaren aurrean duten kalteberatasun berezia" ikusaraztea; izan ere, "indarkeria matxista ikusteak kasuak detektatzen eta baliabide espezializatuetarako sarbidea errazten laguntzen du".

Amaitzeko, txostenak agerian utzi du elkarteek zeregin garrantzitsua dutela adineko biktima horiei ematen zaien gizarte-erantzunean eta arretan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Espainian Bizkaia Gipuzkoako albisteak Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Emakunde albisteak Gizartea bideoak Sexu-abusuen biktimak gaur Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa