Gizartea -

KARABELA PORTUGESAK

Bandera gorria Donostiako Zurriola hondartzan, karabela portugesen 7 ziztada izan ondoren

Asteburuaz geroztik, sorosleek eta hondartzetako arduradunek arreta handiz jarraitzen dute karabela portugesen iritsiera Euskal Herriko hondartzetara. Atzo Zarauzko hondartzan bainua debekatu zuten hainbat ziztada egon ondotik eta gaur gauza bera egin dute Donostiako Zurriola hondartzan.

Karabela portuges baten artxiboko irudia
Karabela portuges baten artxiboko irudia
Karabela portuges baten artxiboko irudia

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bandera gorria dago Donostiako Zurriola hondartzan eta, beraz, bainua hartzea debekatu dute, goizean karabela portugesen zazpi ziztada izan ondotik. Sorosleek bainua hartzen ari ziren pertsonak uretatik atera dituzte, eta zenbait arazo izan dituzte uretatik atera nahi ez zuten surf eskoletako monitoreekin.

Asteburuaz geroztik adi dabiltza euskal kostaldea ikuskatzen hondatzetako sorosle eta arduradunak; izan ere, azken egunotan karabela portugesak, tantaka bada ere, gure kostaldera hurbiltzen ari dira, zenbait kasutan ziztadak eraginez. Nabarmentzekoa da horien ziztadak toxikoak direla, eta beste marmokenak baino arriskutsuagoak.

Zurriolako hondartzan dagoen bandera gorriaz gain, Ondarretan ere agertu da gaur aleren bat, eta, beraz, bandera horia jarri dute berriro gaur goizean. Zarautzen, atzo ur ertzean zenbait ale atzeman eta karabelek hainbat ziztada eragin ondotik, astearte honetan sorospen-zerbitzuek egindako ikuskapenean "ale bakarra antzeman dute" herriko kaiako ur gainean, eta, beraz, bandera horia ezarri eta bainua arretaz hartzeko deia luzatu dute.

Gurutze Gorriko iturriek jakinarazi dutenez, Hondarribiko eta Getariako bi hondartzetan bandera berdea ageri da, baina atzo horia izan zuten, hainbat ale ikusi eta gero. 

Bizkaian, ez da inolako gorabeherarik izan, ez ziztadarik bederen. Baina surflari batek ziurtatu duenez, karabela portuges bat ikusi du Muskizko hondartzako uretan.

Euskal kostaldean 2018an ikusi genituen azkenekoz karabela portugesak. Azken egun hauetan hainbat lagun artatu behar izan dituzte euskal kostaldean. Alerta jo dute eta gomendio zerrenda kaleratu dute, ziztada jasanez gero, zer egin jakiteko: hazka ez egitea eta larrialdi postura ahalik eta azkarren joatea.

Arriskutsuagoa al da karabela portugesa?
Arriskutsuagoa al da karabela portugesa?
Arriskutsuagoa al da karabela portugesa?

2:53

Nolakoa da jarduera-protokoloa?

Salbamendu- eta sorospen-zerbitzuek Osasun Publikoari jakinarazten diote marmokak ikusi dituztela, itsaso zabalean, bainu-eremuan edo hondarretan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak adierazi duenez.

Horretan oinarrituta, hainbat prebentzio-neurri hartzen dira, espeziea, kopurua eta agerpen-lekua kontuan hartuta. Posible da bandera horia jarri eta arretaz bainua hartzeko deia egitea megafono bidez, edota bainua guztiz debekatu eta bandera gorria jartzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Hondartzak Hondarribia bideoak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Ondarreta Donostia Kontxako hondartza albisteak Getaria azken ordukoa Zarauzko hondartza albisteak Kantauri itsasoa Animaliak