Gizartea -
Sua Nafarroan
Olloki eta Altzuza artean piztutako sutea kontrolpean dago, eta ustezko egilea atxilotu dute
Sua 14:30 aldera piztu da. Hainbat etxebizitza hustu dituzte Ollokin eta Altzuzan, badaezpada. Airez eta lurrez ari dira itzaltze lanetan.
EITB Media
Baso-sute handi bat piztu da gaur arratsaldean Olloki (Esteribarko harana) eta Altzuza (Eguesibarra) artean, eta gizonezko bat atxilotu dute, ustezko egilea delakoan. Sutearen ondorioz, etxebizitza batzuk hustu behar izan dituzte Ollokin, SOS Nafarroak jakinarazi duenez.
Guillermo Larrayoz Ollokiko alkateak Radio Euskadin baieztatu duenez, sutea kontrolpean dute dagoeneko; baina "lehen orduetan zalantza handiak izan dituzte", aitortu duenez.
Foruzainek eta Udaltzainek hainbat errepide itxi dituzte Ollokin eta Altzuzan. Sua 14:30 aldera piztu da. Zereal lursailez gain, pinudi bat sutan dago.
Foru Erkidegoak Nafarroako baso-suteetarako Larrialdi Plan Bereziaren (INFONA) 3. maila martxan jarri du, bero handiko egun batean. INFONAren 3. maila horri esker, aireko bitartekoen laguntza eskatu ahal izan zaio Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioari (MITECO), Nafarroako suhiltzaileen lana laguntzeko.
Suhiltzaileek ez ezik, BHIF brigadak, bi helikopterok eta zama-hegazkin batek ere esku hartu dute.
Halaber, SOS Nafarroak bere sareetan jakinarazi duenez, Gurutze Gorriko anbulantzia bat eta laguntza logistikorako ibilgailu bat mobilizatu dituzte.