Gizartea -

erasoa

Air Europako bezeroen bankuko datuak agerian jarri dituzte zibereraso batean

Airelineak azaldu duenez, online erosketen ordainketa sistema hackeatu diete, eta gaizkileek bezeroen kreditu txartelen datuak eskuratu dituzte. Bezeroei txartelak baliogabetu eta edozein iruzur salatzeko gomendatu du konpainiak.

Air Europa konpainiaren hegazkin bat. Argazkia: Pexels (Marcelo Solis).
Air Europa konpainiaren hegazkin bat.
Air Europa konpainiaren hegazkin bat. Argazkia: Pexels (Marcelo Solis).

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zibereraso batek Air Europa hegazkin konpainiaren webgunean erosketak egin dituzten bezeroen bankuko datuak agerian jarri ditu, gaizkileek kreditu txartelen zenbaki eta ezkutuko datu guztiak eskuratu baitituzte. Konpainiaren sistemetako arduradunek eurek baieztatu dute erasoa. 

Antza, online erosketen ordainketa sistema hackeatu dute eta milaka bezeroren txartelen datuak —txartelaren zenbakiak, iraungitze data eta CVV zenbakia— ostu dituzte. Konpainiaren arabera, "guk dakigula, ez da iruzurrik egin datuokin". 

Dena dela, arriskuan egon daitezkeen bezeroak mezu elektroniko bidez ohartarazi dituzte. Erosketak egiteko erabilitako txartela albait arinen baliogabetzeko eskatu diete, "balizko iruzurrak saihesteko asmoz". 

Beste gomendio hauek ere eman dizkiete: ez eman informazio pertsonal, pasahitz edo tankerakorik telefono, mezu edo helbide elektroniko bidez, bankutik ari direla esan arren; ez sakatu iruzurrez ohartarazten duten estekak, eta jarri harremanetan banketxearekin "bide egiaztagarrien bitartez". Halaber, iruzurren bat jasanez gero, probak bildu eta salaketa jartzea aholkatu dute. 

Konpainiak nabarmendu duenez, une honetan sistemak "normaltasunez" ari dira. Izan ere, konpainiak "arin atzeman eta esku hartu du, segurtasun arrakala itxi eta datu gehiago filtratzea eragotzita". 

Air Europaren arabera, gertatutakoa ikertzen ari dira eta, oraingoz, lapurtutako datuokin iruzurrik egin ez dutela azpimarratu dute. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zibererasoak