Gizartea -

Iragarpena

Hego osagaiko haizeak tenperaturen gorakada txikia eta egonkortasun handiagoa ekarriko ditu

Ostiral honetan haizeak gogor joko du mendebaldetik, eta egun euritsua espero da iparraldean. Larunbatean eta igandean, hego haizeak tenperaturak igotzea eta lainoak arintzea eragingo du.

Bi gizon kirola egiten Gasteiz inguruan. Argazkia: Efe
Bi gizon kirola egiten Gasteiz inguruan. Argazkia: Efe
Bi gizon kirola egiten Gasteiz inguruan. Argazkia: Efe

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Haize gogorra eta prezipitazioak nagusi izango dira ostiralean, baina asteburuan hego haizeak tenperatura apur bat igotzea eta zerua argiago egotea espero da.

Ostiralean udazken-beteko eguraldi kaxkarra izango dugu: haize zakarra, euria eta giro freskoa. Mendebaldeko haizea oso zakar ibiliko da, goizean hego-mendebaldekoa eta arratsaldean mendebal eta ipar-mendebaldekoa nagusi izanik. Denean nabarituko da, baina batez ere itsasertzetik gertu. Gainera, euria egingo du, erdialdeko orduetan eta iparraldean gehienbat; bertan, zaparradak mardulak izan litezke tarteka. Arratsaldean, hodeitza saretzen joango da hegoaldean. Tenperatura minimoak egunaren amaieran neurtuko dira.

Larunbatean, eguraldiak hobera egingo du. Egunaren lehen zatian hego-mendebaldeko haizea bizi ibiliko da oraindik, eta leku gehienetan ostarte zabalak izango dira, tarte hodeitsuekin kostaldetik gertu. Arratsaldean, haizeak ipar-mendebaldetik joko du eta hodei gehiago espero dugu. Itsasertzetik gertu zaparrada txiki batzuk botatzea ez da guztiz baztertzen. Tenperatura maximoak gutxi aldatuko dira, eta gauak hotzak izaten hasiko dira, batez ere barnealdean.

Igandean, hego-haizea ibiliko da. Hego eta hego-ekialdetik joko du, eta egunaren bigarren partean nabarituko da batez ere; orduan, gogor joko du. Zeruan, erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak agertuko dira, ostarte batzuekin. Arratsaldean, ordea, hegoaldetik iritsiko diren hodeiek zerua lainotuko dute. Tenperatura maximoek gora egingo dute apur bat. Azken orduetan, euritara jo lezake Nafarroa hegoaldean.

Astelehenetik aurrera zerua ilunago jarriko da, eta prezipitazioak espero dira.

Kontsulta ezazu eguraldiaren iragarpena eitb.eus-en, eta bidali zure argazkiak eta bideoak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Iparraldea Euskal Autonomia Erkidegoa Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak