Gizartea -

Eguraldia

Haizeak 160 km/h-ko abiadura gainditu du Bizkaian, denboralearen eraginez

Karrantzan neurtu dute haize-bolada indartsuena (160,5 km/h). Suhiltzaileek 192 irteera egin dituzte Bizkaian, 153 Gipuzkoan eta 51 Araban; kasu gehienetan, zuhaitz adarrak jausi direlako, haizeak kaleko altzariak hautsi edo mugitu dituelako eta istripuak gertatu direlako.

Bi pertsona olatuei begira, Zurriola hondartzan. Argazkia: EFE
Bi pertsona olatuei begira, Zurriola hondartzan
Haize-boladek 100 km/h-ko abiadura gainditu dute Gasteizen

0:37

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ciaran ekaitzak gogor astindu ditu Euskal Herriko bazterrak. Bizkaian izan du, batik bat, eragin handiena, 160,5 km/h-ko haize-boladak neurtu baitituzte Karrantzan, eta suhiltzaileek 192 irteera egin baitituzte —tartean zauriturik gabeko 3 auto istripu—, denboraleak eragindakoak konpontzeko. Gipuzkoan, berriz, 153 irteera egin dituzte —zauriturik gabeko 4 istripu—, eta Araban 51 —zauriturik gabeko 2 istripu—.

Segurtasun Sailak abisu horia ezarri zuen asteazken arratsaldean, iragarpenek aurreikusi baitzuten hego-mendebaldeko haizeak zakar joko zuela. 21:00etan, baina, alerta laranja aktibatu zuen, 03:00ak arte.

Bereziki, Bizkaian eta Gipuzkoan izan du eragina haizealdiak. Adarrak eta zuhaitzak erori dira zenbait tokitan, eta kaleko altzariak hautsi beste zenbaitetan.

Suhiltzaileek 200 irteera inguru egin behar izan dituzte Bizkaian
Suhiltzaileek 200 irteera inguru egin behar izan dituzte Bizkaian
Suhiltzaileek 200 irteera inguru egin behar izan dituzte Bizkaian

0:43

Euskalmetek emandako datuen arabera, Karrantzan haizeak emandako astindua izan da neurtutako bortitzena, nahiz eta Matxitxakon, Urduñan eta Balmasedan ere gogor jo duen (157 km/h, 152 km/h eta 141,1 km/h, hurrenez hurren).

Babestuago dauden lekuetan ere gainditu dute haize-ufadek orduko 100 kilometroko abiadura; Navarreten (128 km/h), esaterako. Amurrion 110 km/h-raino iritsi dira haize-boladak, Gasteizen 109,4raino, eta Bilbon 98,1eraino.

Gipuzkoan haize boladarik gogorrena Donostiako Santa Klara uhartean neurtu dute (137,2 km/h). Jaizkibelen (Lezo), Ordizian eta Pasaian ere gogor jo du haizeak, hurrenez hurren, 122,4, 119,2 eta 111,2 km/h-ko haize ufadak izan baitira.

Adituek, baina, hobetze bidean aurreikusi dute datozen orduetako iragarpena. Haizea baretu egingo da nolabait, baina euriari eta itsas denboraleari irekiko dio atea. Nabigaziorako abisu horia ezarriko dute, 6 metrora helduko diren olatuak espero dituztelako. Gainera, ostiral goizaldean berriro aktibatuko dute abisu horia, haizeagatik, 06:00ak arte —12:00ak arte Bizkaian eta Gipuzkoan—.

Nafarroa

Nafarroako egoerari dagokionez, lurralde osora zabalduko dute gaur haizeagatik atzo ezarritako abisu horia.

Gainera, euriagatik ere abisu horia egongo da indarrean, 18:00ak arte, 12 orduan 40 mm pilatuko baitira, aurreikuspenen arabera.

Ipar Euskal Herrian, Meteofrancek abisu horia ezarri zuen atzo, haizeagatik, eta gaur egun osoan egongo da indarrean. Prezipitazioengatik eta ekaitzengatik ere abisu horipean daude.

Oso egoera zaila itsasoan

Depresioak arriskua eragingo du itsasoan nabigaziorako, olatu handiengatik. Goizean 5 metrotik gorako olatuak neurtuko dituzte, eguerdian 5-6 metrokoak, eta ostiralean are altuagoak: 6 eta 7 metro bitartekoak, goizean.

Ondorioz, lehen bi milietako nabigaziorako, abisu horia ezarri dute, 06:00etatik aurrera. 12:00etan, berriz, alerta laranja aktibatuko da, ostiraleko 21:00ak arte.

Kostaldeko egoerari dagokionez, Segurtasun Sailak abisu horia ezarriko du osteguneko 12:00etatik ostiraleko 21:00etara. Mendebaldeko haize bortitzak olatu zipriztinak eragingo ditu kostaldeko pasealekuetan, bereziki itsasgora denean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Iparraldea Alerta meteorologikoak Euskal Autonomia Erkidegoa Denboraleak albisteak Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Euskadiko kostaldea albisteak