Gizartea -

DENBORALEA

Ia 400 intzidentzia izan dira EAEn, Ciaran ekaitzaren ondorioz

Eusko Jaurlaritzako Larrialdi eta Meteorologia zerbitzuko zuzendariak azaldu duenez, "gertakari txikiak" izan dira, eta Bizkaian eta Gipuzkoan gertatu dira batez ere.

Ricardo Ituarte Eusko Jaurlaritzako Larrialdi eta Meteorologia zerbitzuko zuzendaria
Ricardo Ituarte Eusko Jaurlaritzako Larrialdi eta Meteorologia zerbitzuko zuzendaria
Ricardo Ituarte: ''Ia 400 gertakari izan ditugu azken orduetan, gehienak Bizkaian eta Gipuzkoan''

1:49

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ricardo Ituarte Eusko Jaurlaritzako Larrialdi eta Meteorologia zerbitzuko zuzendariak emandako datuen arabera, atzo arratsaldetik gaur goizera arte ia 400 intzidentzia izan dira Euskal Autonomia Erkidegoan, Ciaran ekaitzaren ondorioz. Azaldu duenez, haizeak Bizkaian eta Gipuzkoan jo du gogorren.

Ituarteren esanetan, "zorionez" ez da kalte handirik hauteman eta "gertakari txikiak" izan dira. Adarrak eta zuhaitzak erori dira zenbait tokitan, eta fatxada zatiak beste zenbaitetan.

Haize denboralearen berezitasunaz galdetuta, bere "intentsitatea", "sakontasuna" eta "indarra" nabarmendu ditu. Edozein kasutan, zehaztu nahi izan du denboralearen beheko aldeak ukitu duela Euskadi eta horregatik ez dela ondorio "larririk" izan.

Datozen orduei begira, ez da espero haizeak atzo edo gaur goizean bezain gogor jotzea, baina tarteka indartsu ibiliko da. Hori dela eta, zuhurtziaz jokatzea, haizearen eta itsasoaren egoera adi jarraitzea eta informazioa hedabideen bitartez jasotzea gomendatu die herritarrei.

Gorabehera ugari aire-trafikoan eta trenbideetan

haize bortitzek aire-trafikoan eragin dute, 14 hegaldi desbideratu eta beste 18 bertan behera utzi baitituzte Bilboko aireportuan; Donostian, berriz, lau hegaldi kantzelatu dituzte, AENAk jakinarazi duenez.

Bizkaiko aireportuko arazoak bart hasi ziren, 14 hegazkin desbideratu baitzituzten, eta beste 5 hegaldi bertan behera geratu ziren. Horren ondorioz, gaur hegazkin-konpainiek euren programak berrantolatu behar izan dituzte, hegazkinak aurreikusita zegoen lekuan ez zeudelako.

Horren ondorioz, gaur goizean beste 13 hegaldi bertan behera geratu dira, baina, AENAren arabera, egoera lehengoratzen ari da, eta programatutako hegaldi guztiak lurreratu dira Loiun, eta airelineak euren operazioak berrantolatzen ari dira.

Trenbideko zirkulazioa ere kaltetu da, adarrak eta objektuak trenbidera erori direlako. Hori da Renferen Irun-Brinkola aldirietako linearen (Gipuzkoa) kasua; izan ere, zuhaitz bat katenariaren gainera erori da, eta, horren ondorioz, trenak ordu batzuetan ibili dira trenbide bakarrean Hernani eta Donostia artean.

Bizkaian, goizeko lehen orduetatik, Bilbo-Balmaseda linearen zirkulazioa etenda dago Arangurengo geralekuaren eta Soduperen artean, autobus bidezko garraio alternatiboarekin. Trenbide estuko linea horretan bertan zerbitzurik gabe daude Bilbo-Santander eta Bilbo-Leon distantzia ertaineko trenak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza berriak Alerta meteorologikoak argazkiak Euskal Autonomia Erkidegoa Denboraleak albisteak Gizartea albisteak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Euskadiko Larrialdien Zentroa