Gizartea -

Nafarroa

Hipotesi nagusia da aitak eragin zuela haurraren heriotza Urbasan

Guardia Zibilak atzo hasi zuen haurra aurkitzeko bilaketa, amak jarritako salaketaren ostean. Kasua ikertzen ari dira, baina zantzu guztien arabera, indarkeria bikario kasu berri bat da.

Aita-semeen gorpuak Urbasan aurkitu dituzte. Argazkia: EFE
Aita-semeen gorpuak Urbasan aurkitu dituzte.
Aita-semeen gorpuak Urbasan aurkitu dituzte. Argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Epaitegietako iturriek EITB MEDIAri baieztatu diotenez, Urbasan aurkitutako aita-semeei egindako lehen autopsiak dio 54 urteko gizonezkoak eragin zuela 7 urteko haurraren heriotza. Gorpuetan ez dute aurkitu substantzia toxikoen arrastorik, ezta itota hil izanaren zantzurik ere.

Kontuak horrela, planteatzen duten hipotesi nagusia da aitak bere burua bota zuela hutsera semea besarkatuz, "horregatik moteldu zituen haurraren kolpeak, eta aitak semeak baino kolpe gehiago ditu".

Guardia Zibila kasua ikertzen ari da, inolako hipotesirik baztertu gabe, indarkeria bikarioarena barne. Bikotea duela bi urte eta erdi banandu zen, eta senar ohiak "gaizki" zeraman egoera hori, ikerketako iturrien arabera.

Indarkeria bikarioa dela konfirmatuz gero, hilketa mota horren aurtengo bigarren kasua izango litzateke Espainiako Estatuan. 10 urtean, 49 haur hil dira indarkeria mota horren ondorioz.

2013an hasi ziren indarkeria bikarioari lotutako biktimak zenbatzen, une horretan hasi baitzen seme-alabak indarkeria matxistaren biktima modura onartzen, Breton kasuak hartu zuen oihartzunaren ondorioz.

Zure interesekoa izan daiteke: Zer da indarkeria bikarioa?

7 urteko mutikoaren eta 54 urteko haren aitaren gorpuak aurkitu dituzte gaur, asteartearekin, Urbasan (Nafarroa). Atzotik ari ziren euren bila, amak aurkeztutako salaketa baten harira. Bikotea bananduta dago, eta ostiralean aitak hartu zuen haurra. Atzo, baina, eskolara adingabearen bila joan zen emakumea, baina aitak ikastetxera eraman ez zuela jakinarazi zioten. 

Ordutik ari ziren bien bila Guardia Zibila, Foruzaingoa, suhiltzaileak eta Nafarroako basozainak. Atzo aitaren ibilgailua topatu zuten Ubaba inguruan. Hain justu, "Pilatosen Balkoia" izenez ezagutzen den toki horretatik gertu, gune malkartsu batean, aurkitu ditu helikoptero batek bi hilotzak.

Amparo Lopez Nafarroako Gobernuko Barne kontseilariak gertatutakoa deitoratu du, eta adierazi du "eskura dauden baliabide guztiekin eta indar guztiarekin" lan egin dutela "gauean eta goizaldean pertsona horiek aurkitu ahal izateko". Era berean, esan du Foru Exekutiboa laguntza psikologikoa eta medikoa ematen ari zaiela senideei.

Erantzunak

Lizarran, albisteak "ikaragarri" hunkitu ditu herritarrak, bizilagunek adierazi dutenez, gertatutakoaren berri izan dutenean "izoztuta" geratu direla aitortuta.

Hala, Udalak Bozeramaileen Batzordea deitu du, "senideei, lagunei eta ikastolari elkartasuna eta maitasuna" adierazteko eta "Udal gisa eman diezaiekegun laguntza guztia" haien esku jartzeko.

Era berean, elkarretaratzea deitu du, 13:00etan, udaletxearen atarian, udalbatzako kideak eta herritarrak bertan zirela, gertatutakoagatik atsekabea eta familiarekiko elkartasuna agerian uzteko. Halaber, Alkatetzaren ebazpen bidez, hiru dolu-egun ezarri dituzte herrian, eta, egun horietan, udaletxeko banderak haga erdian egongo dira.

Marta Ruiz de Alda alkateak komunikabideei azaldu dienez, "albiste triste" honen aurrean, babesa eta elkartasuna adierazi besterik ezin dute egin dolu-une honetan. "Doluarekin eta gertakarien ikerketarekin errespetuz jokatu behar dugu", nabarmendu du, eta datozen egunetan albisteen bilakaera jarraituko dutela erantsi du. "Oraingoz, familiari bakarrik esan diezaiokegu, Udalean zein hirian, elkarretaratzean ikusitakoaren arabera, babes osoa duela".

Bestalde, Iguzkizako Udalak, aitaren jaioterrian, elkartasuna adierazi die hildako adingabearen senide eta lagunei bere webgunean argitaratutako ohar baten bidez, eta Udal eta Kontzeju gisa eman dezaketen laguntza guztia eskaini die. Era berean, hiru dolu-egun ezarri ditu.

Lizarra Ikastolak, non hildako adingabea ikasten ari zen, elkarretaratze intimoa egin du gaur arratsaldean jolastokian, guraso, ikasle, irakasle eta eskolako langileen parte hartzearekin.

Ikastetxe horretako zuzendaritzak jakinarazpen bat bidali die familiei, "hezkuntza-komunitate osoarentzako egun gogor eta guztiz triste batean" nola jokatu behar zuten azaltzeko. Ildo horretan, Hezkuntza Bizikidetzako taldearen eta Goizargi elkartearen gomendioei jarraituz, tutoreek haurrei azaldu diete zer gertatu zaion LH 2ko ikaskideari.

Irakasleek ikasleak euren emozioak adieraztera gonbidatu dituzte, "guztien artean, negarrez, hitzez, marrazkiz... Babesa eta maitasuna adierazteko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Nafarroa Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Desagertutako pertsonak Lizarra Matxismoa Umeak azken ordukoa