Gizartea -

A25

Pornografia indarkeria matxistaren "eskola bat" da gazteentzat, EAEko erakundeek ohartarazi dutenez

Emakundek, hiru aldundiek eta Eudelek A25erako prestatu duten kanpainan nabarmendu dute pornografia ezin dela izan gazteen hezibide sexuala. Izan ere, eszena pornografikoen ia % 90ek emakumeen aurkako indarkeria fisikoa edo hitzezkoa dute.

Aurtengo kanpainaren bideoko fotograma bat. Argazkia: @emakundEJGV
Aurtengo kanpainaren bideoko fotograma bat.
Aurtengo kanpainaren bideoko fotograma bat. Argazkia: @emakundEJGV

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gazte-gazte direla, batez beste 12 urterekin, hasten dira nerabeak pornografia ikusten, eta indarkeria matxistaren "eskola bat" bilakatzen da eurentzat. Hortaz, behar-beharrezkoa da gazteen heziketa sexuala horren bitartez ez egitea. Hori guztia ohartarazteko kanpaina abiatuko dute EAEko erakundeek A25ra begira —Emakumeen kontrako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna—. 

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, Emakunderen bitartez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiek eta Eudelek gaur aurkeztu dute kanpaina, "Pornoa emakumeen aurkako indarkeriaren eskola bat da" lelopean. Honakoak izan dira ekitaldian: Nerea Melgosa sailburua, Miren Elgarresta Emakunderen zuzendaria, Nerea Isasi, Jone Berriozabal eta Patricia Campelo foru ordezkariak, eta Esther Apraiz Eudelen presidentea. 

Ordezkariok azaldu dutenez, teknologiaren aurrerapenak eta interneten nonahikotasunak eragin dute "pornografia masiboki hedatzea gure gizartean, aurrekaririk gabeko testuinguruan, dohainik eta 24 orduko eskaintzarekin". Arazoa ez da gazteek eszena sexualak ikustea, indarkeriazkoak baizik. Izan ere, eszena pornografikoen % 88,2k emakumeen aurkako indarkeria fisikoa edo hitzezkoa dute.

Gainera, nerabeen % 33,4k uste dute pornoak "eragin handia" duela euren sexu harremanetan. Pornografiaren bitartez, "menderatzen ikasten dute gizonek, men egiten eta umiliatuak izaten emakumeek", azaldu dute. Bestela esanda, pornoaren bidez indartu egiten dira "maskulinitate bortitza eta menderatzailea eta feminitate atsegingarria, emakumea kosifikatzen duena, betiere gizonezkoen gozamenaren aginduetara". 

Ohartarazi dutenez, "pornografia indarkeria eskola bihurtzen ari da, sexu harremanetan egin behar dutenari buruzko argibide liburu moduko bat. Pornografia hori imajinario erotiko kolektibo bat eraikitzen ari da, non emakumeen aurkako indarkeriazko jarreren normalizazioa ematen den; imajinario bat, non beste pertsonarekiko enpatia desagertzen den eta botere harremanekin ordezkatzen den". 

Kanpaina bihartik, azaroaren 10etik, 25era egingo dute sare sozialetan, telebistan, irratietan eta kartelen bitartez. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Euskal Autonomia Erkidegoa Emakunde Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Umeak Internet Gazteak Bizkaiko Foru Aldundia Gipuzkoako Foru Aldundia Arabako Foru Aldundia EUDEL