Gizartea -
Osakidetza
Etengabeko Arretako Guneetan medikuak egon daitezela eskatu dute osasun publikoaren aldeko plataformek
Ostiralean Laudioko EAGan bihotzekoak jota gizon bat hil izanaz ESK sindikatuak egindako salaketa abiapuntu hartu du OPA Herri Plataformak, eta "egoera honek inflexio-puntua izan behar" duela nabarmendu du.
Agentziak | EITB Media
OPA Herri Plataformak osasun publikoaren aldeko plataformen koordinatzaileak medikuen presentzia fisikoa eta etengabea eskatu du Osakidetzako Etengabeko Arretako Guneetan (EAG).
Ostiralean Laudioko EAGan bihotzekoak jota gizon bat hil izanaz ESK sindikatuak egindako salaketa abiapuntu hartu du OPA Herri Plataformak, beste behin ere, eskaera egiteko.
OPA Herri Plataformak adierazi duenez, kasu honekin "argi geratu da sailburuaren (Gotzone Sagardui) eredu-aldaketaren ondorioz pertsona hori erizaintzako langileen eskuetan hil dela".
Kolektibo horren ustez, "lotsagarria" da Laudion gertatutakoa, eta, ikerketa eta azalpen publiko eta "gardena" eskatu dute.
"Egoera horrek inflexio-puntua izan behar du, Lehen Mailako Arretako zentroen kudeaketa erabat gardena eta informatua izan dadin, eta herritarren parte-hartzea ahalbidetuko duten tresnak izan ditzan", hori guztia, "arreta hurbila, duina eta ehuneko ehun publikoa bermatu" behar duela azpimarratzearekin batera.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak azaldu duenez, hildako pazientea Laudioko EAGra joan zen ostiral arratsaldeko zortziak aldera, "larria izan zitekeen" koadro batekin, eta sarrera berean erizainek, egoera aztertu ondoren, larrialdietara deitu zuten, gizona ospitale batera eraman zezaten lehenbailehen.
Osasun Sailak ziurtatu duenez, pazientea EAGn sartu eta bi minutura egin zuten dei hori, eta handik lau minutura iritsi zen anbulantzia bat osasun-zentrora, bihotz-biriketako bizkortze-maniobrak egiten ari zitzaizkion pazienteari laguntzeko.
Osasun Sailak azaldu duenez, anbulatorioko eta larrialdietako dispositiboko langileek "azkar eta behar bezala jardun" arren, pazientea hil egin zen.