Gizartea -

ALEXANDRU AUZIA

500 gaztek osatutako 15 talde kriminal operatibo daude Bizkaian, Ertzaintzaren arabera

Ertzaintzaren Ikerketa zerbitzuko Bizkaiko buruak deklaratu du gaur Alexandru gazteari emandako jipoia ikertzen duen epaiketan. Horren esanetan, talde kriminal horien helburua "ikara sortzea" da.

Ertzainak, epaiketan. Argazkia: EFE
Ertzainak, epaiketan.
Ertzainak, epaiketan. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

500 neska-mutil inguruk operatibo dauden 15 talde kriminal osatzen dituzte Bizkaian. Horietako bat "Koala Anaiak" taldea dela adierazi du Ertzaintzak, 2021eko uztailean Alexandru gazteari jipoia eman eta egoera begetatiboan utzi zuen taldea, hain zuzen ere.

Gazte horri jipoia emateagatik auzipetutako zazpi gizonen aurkako epaiketaren hirugarren saioan, Ertzaintzaren Ikerketa-Zerbitzuko buruak testigantza eman du. Auzipetuak, Barakaldon sortutako talde horretako kideak zirela baieztatu du. Izan ere, gertakaria izan zen egunean beste lau eraso egin zituztela gaineratu du. 

"Astebururo batzen dira, eta kalean beldurra sortzea dute helburu. Horrekin dibertitzen dira", adierazi du. "Biktimak inguratu egiten dituzte, ihes egin ez dezaten, eta ondoren jipoitu egiten dituzte. Bien bitartean, taldeko beste kideren batek dena grabatzen du, ondoren sare sozialetara igotzeko", azaldu du. 

Alexi emandako jipoiaren bideoaren hasieran, "grabatu ezazu" entzuten dela gogoratu du agenteak."Helburua, beraz, ez da lapurreta, nahiz eta Alexi mugikorra lapurtu zioten. Benetako helburua beste gazteren bat ikaratzea da, eta horrekin dibertitzea, gerora beste gazte-taldeei egindakoa erakusteko asmoz". 

Auzipetuen telefonoak aztertu ondoren, jipoiaren gau horretako mezu eta bideo asko ezabatuta zeudela egiaztatu zuen Ertzaintzak. Baina agerian geratu zen auzipetuak Barakaldoko "Koala Anaiak" taldeko kideak zirela, Ertzaintzaren bertsioaren arabera.

Erasoaren lekuko izan ziren beste gazte batzuen laguntzari esker, Zornotzako udaltzaingoak eta Ertzaintzak 8 gazte atxilotu zituzten egun horretan bertan, gertakariak izan ziren lekutik 100 bat metrora. Une horretan ez zuten mozkortuta egotearen zantzurik, azaldu dute agenteek auzitegian.

Erasoan parte hartu zuten beste 8 pertsonak egun batzuk geroago atxilotu zituzten, euren etxeetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Zornotza Delituak azken ordukoa Epaiketak albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Gazteak gaur Durangaldea azken ordukoa