Gizartea -

Sua

Sute handi batek bi eraikin kiskali ditu Valentzian

Balkoi baten harrapatuta geratu diren bi pertsona erreskatatu ahal izan dituzte suhiltzaileek. Oraingoz 14 pertsona artatu behar izan dituzte. Zauritu guztiak ospitalera eraman dituzte hausturengatik, erredurengatik edo kea arnasteagatik. Tartean sei suhiltzaile eta adingabe bat daude.

Argazkia: EFE
Argazkia: EFE
Sute batek 14 solairuko eraikin bat erraustu du Valentzian

0:44

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sute handi bat piztu da Valentzian, eta bi etxebizitza-eraikin kiskali ditu. Suhiltzaileak lanean ari dira oraindik hura amatatzeko. Sua Campanas auzoko eraikin batean piztu da, General Aviles eta Maestro Rodrigo kaleen artean.

Suhiltzaileak, Espainiako Larrialdietako Unitate Militarraren (UME) laguntzarekin, sute suntsitzailea kontrolatzen saiatzen ari dira. Sutea eraikin osoan eta aldameneko beste batean zabaldu da, eta oraingoz 14 pertsona artatu dituzte.

Zauritu guztiak ospitalera eraman dituzte hausturengatik, erredurengatik edo kea arnasteagatik. Tartean sei suhiltzaile eta adingabe bat daude. Balkoi batean bi pertsona harrapatuta geratu dira, eta une beldurgarriak bizi izan dira, baina azkenean erreskatatu ahal izan dituzte suhiltzaileek.

UME Valentziako Generalitateak eskatuta bertaratu da, beharrezkoak diren erreskateetan eta sutea itzaltzeko lanetan laguntzeko. Sutea arratsaldeko 17:30 aldera piztu da, eraikineko bosgarren solairuan.

Sutearen ke-zutabea handik kilometro batzuetara ikusi ahal izan da. Generalitatearen Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak Larrialdietako Lurralde Planaren 2. egoera martxan jarri du, "kalte handiak" aurreikusten dituena, eta aginte-postu aurreratua ezarri du bertan.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Carlos Mazon Generalitateko presidentearekin eta Maria Jose Catala Valentziako alkatearekin hitz egin du egoeraren berri izateko eta behar den laguntza eskaintzeko.

Alberto Nuñez Feijioo PPko burua ere kezkatuta agertu da sute "larri" horren aurrean, eta suhiltzaileei eta segurtasun taldeei babesa eta konfiantza helarazi die.

Jende eta komunikabide ugari bildu direnez, Poliziak segurtasun-perimetroa handitu behar izan du eraikinaren inguruan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Suteak Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Valentziako Erkidegoa