Gizartea -

Ertzaintza

Xuhar herri plataformak "bestelako" polizia eredu bat eskatu eta "sinesgaitz" jo du errebotearen hipotesia

EAJk Tolosako auziaren inguruan harturiko jarrera "lotsagarria" kritikatu du plataformak, eta asteazkenean Villabona-Amasako Udalbatzan esandako "astakeriak publikoki" salatu ditu.

Xuharren aita, agerraldi publiko batean. Artxiboko irudia: EITB
Xuharren aita, agerraldi publiko batean. Artxiboko irudia: EITB
Xuharren aita, agerraldi publiko batean. Artxiboko irudia: EITB

Eriz Lotina | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Villabona-Amasako (Gipuzkoa) Xuhar herri plataformak "egoera lokaztu" nahia leporatu dio EAJri, "bestelako" polizia eredu bat eskatu eta "sinesgaitz" jo du errebotearen hipotesia.

Herri plataformak oharra kaleratu du, EAJk Villabonako Udalbatzan esandakoen harira. Villabonako Udalak Xuhar babesteko plataformaren mozio bat onartu zuen asteazkenean, Ertzaintzaren jarduketagatik erantzukizunak argitzea eskatzeko. Mozioa EH Bilduren aldeko 8 botoekin onartu zen. EAJk eta PSE-EEk, aldiz, aurka bozkatu zuten.

Arantzazu Rojo zinegotzi jeltzaleak azpimarratu zuen Xuhar ez zela tirokatua izan, gaur hartan Ertzaintzaren esku-hartzea beharrezkoa izan zela esan zuen, eta errebotearen hipotesia plazaratu zuen lehen aldiz.

EAJk Tolosako auziaren inguruan harturiko jarrera "lotsagarria" kritikatu du plataformak, eta asteazkenean Villabona-Amasako Udalbatzan esandako "astakeriak publikoki" salatu ditu.

"Foam jaurtigaiak ez ziren kasualitatez parranda giroan zeuden gazteen buruetan erori, Arantzazu anderea", azpimarratu du plataformak, eta "Ertzaintzak esku-hartze desproportzionatuan parranda giroan zeuden gazteak tirokatu egin zituen", erantsi du. "Pleno aretoan geunden herritarron, familiaren eta Xuharren beraren begia amorru malkoz busti zituzten egoera lokazteko erabili zenituen hitz higuingarriek", aurpegiratu diote ordezkari jeltzaleari.

"Ardurak hartzeko unea da, argibideak ematekoa, eta ez sinesgaitzak diren hipotesiak elikatu eta gaiari bizkarra ematekoa. Bada garaia gauzak aldatzeko", aldarrikatu du plataformak.

Tolosako inauterietan, Villabonako 16 urteko gazteak begian jasandako zauriak foamezko jaurtigai batek eragindakoa izan zela jasotzen du Ertzaintzak epailearen esku utzi duen txostenak. Hala ere, txostenaren hipotesi nagusia da beste pertsona baten besoan jo ondoren "errebotez" zauritu zutela Xuhar begian.

Ertzaintzaren jokaera protokoloen araberakoa izan zela ere jaso dute txostenean, jaurtigailua 50 metro baino urrutiagotik eta gorputzaren beheko aldera bota zutelako. Horrenbestez, Ertzaintzak epailearen esku utzitako txostenak "errebotearen" hipotesia lehenesten du. Hau da, Tolosan otsailaren 12ko goizaldean sortutako liskarrak desegitera joan ziren ertzainetako batek foamezko jaurtigaia bota ziola ertzainen aurka botila bat botatzera zihoan gazte bati. Jaurtigaiak gaztearen besoan jo, eta errebotez haren ondoan zegoen Xuharren begian jo zuen.

Horren harian, Sare Antifaxistak ironiaz baina gogor kritikatu du Ertzaintzaren bertsio hori sare sozialetan: "Gorputzeko beheko aldeari tiro egin zioten, baina besoan eman zioten, eta foam-bala errebotatzean, adingabearen begian amaitu zuen. Kennedyren bala magikotik Dallasen, Tolosako foam bala magikora. Inork ez du errebotearena sinesten, ezta filtratzen diren datuak ere. EAJk eta PSE-EEk Villabonako Udalean Tolosan gertatutakoa gaitzesteari uko egiten diote. Guztiak inpunitatearen protokoloa zorrotz betetzen ari dira".

Era berean, Xuhar herri plataformak ironia erabili du Ertzaintzaren txostenaren aurka. "Jakina, Xuhar Herri Plataformako kideok bat egin dugu aipaturiko ondorioekin, eta guk ere gure hipotesi nagusitzat hartzen dugu, nahiz eta mediku txostenek begiko kalte eta zauriak poliziaren foam proiektilak eraginak direla argi eta garbi dioten; uste dugu oso litekeena dela proiektil horiek eskopetatik, nolabait, kasualitatez irten eta kasualitatez horietako batek Xuharren begian amaitu izana".

"Bestetik, adierazi nahi dugu erabat zilegi eta proportzionala iruditzen zaigula nerabez lepo zegoen Soldadu kalean Ertzaintza soldaduen pare sartzea. Nola jakin behar zuen esku-hartzea koordinatu zuen ertzainburuak eta esku artean eskopetak zituztenek inor tirokatzeko asmorik gabe foam jaurtigai horiek kasualitatez hiru pertsona zauri zitzaketela?", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Ertzaintza Gipuzkoa Tolosa Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gizartea Gaurko titularrak Villabona Gaurko azken orduko albistea Gazteak azken ordukoa Polizia abusuen kasuak