Gizartea -

Drogaren aurkako operazioa

11.000 marihuana landare ekoizteko ahalmena zuen pabiloi bat aurkitu du Amurrion, eta hiru gizon atxilotu

EAEn droga mota hori ekoizteko "ahalmen handiena zuen pabiloia" dela esan du Ertzaintzak. Atxilotuak (45, 40 eta 23 urtekoak) aske utzi dituzte, baina karguak egotzita.

Polizia operazioaren irudietako bat. Argazkia: Ertzaintza
Polizia operazioaren irudietako bat. Argazkia: Ertzaintza
Euskadin marihuana ekoizteko ahalmen handiena zuen pabiloia aurkitu dute Amurrion

0:40

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak marihuana landatzen eta harekin trafikatzen zuen talde kriminal bat desegin du Amurrion, eta hiru gizon atxilotu ditu Araban eta Bizkaian (45, 40 eta 23 urtekoak). Azaroan hasitako ikerketa martxoaren 11ko atxiloketekin amaitu da. Droga-trafikoa eta argindar-sarea manipulatzeagatik iruzurra egozten dizkiete atxilotuei. 

Akusatuek Amurrioko industria-pabiloi batean zuten ekoizpenaren zatirik handiena. Bertan, bi eremutan, bost berotegi independente zituzten instalatuta. Horietan, guztira, 644 marihuana landare aurkitu dituzte, baita landareak hazteko eta ekoizpena handitzeko hainbat material ere.

Topatutako landare kopurua baino are esanguratsuagoa da, ordea, operazioarekin saihestu dena; izan ere, taldea instalazio berriak prestatzen ari zen, eta berotegi berriak instalatzeko elektrizitate- eta iturgintza-lanak egiten ari ziren. Asmoak gauzatuz gero, "instalazio berriekin gutxienez 11.000 landare ekoizteko gaitasuna" izango zukeen taldeak, Segurtasun Sailaren arabera. 

Martxan zegoen eremuan, polena erauzteko materiala zuten, kanabisaren deribatuak egiteko, hala nola rosina, % 60tik gorako tetrahidrocannabinol aktiboa (THC) duen substantzia erretxinatsua, merkatuan gramo bakoitzeko 120 euro inguruko prezioa duena. Lehengai asko behar da substantzia hori ekoizteko, horren kilogramo bat lortzeko 50-75 kilo marihuana behar baitira. 

Horretarako, nabeetako bat egokitua zuen taldeak, Amurrion. Gailu elektrikoak, bero-ponpak eta aireztapen eta airea erauzteko sistemak zituzten bertan, baita ureztatzko eta ongarritzeko sistema automatizatuak ere. Horiekin guztiekin "urtean 4-6 uzta biltzeko gaitasuna" zutela uste du Ertzaintzak. Pabiloiak bideozaintza-sistema zuen, eta akusatuek segurtasun-neurriak hartzen zituzten berotegiak ikuskatzera joaten zirenean.

Agintarien ustez, aurkitutako 644 landareekin, atxilotuek 250.000 euro inguru lortu ahal izango zituzten legez kanpoko merkatuan.

Instalazioez gain, miaketak egin dituzte akusatuen etxeetan, eta hainbat material elektroniko konfiskatu dituzte: ordenagailu eramangarriak, disko gogorrak eta telefono mugikorrak, dokumentu ugari, 26.000 eurotik gora eskudirutan eta pistola bat, munizio eta guzti.

Ikerketan, Laudioko eta Gernika-Lumoko ertzain-etxeetako agenteek hartu dute parte, baita Bilboko ertzain-etxeko droga-taldeko kideek ere.

Polizia-eginbideak amaitu ondoren, atxilotuak Amurrioko Epaitegiaren esku utzi zituzten martxoaren 13an, eta epaileak aske utzi zituen, baina karguak egotzita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Amurrio Ertzaintza Bizkaia Araba Delituak Drogak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Aiaraldea