Gizartea -

Istiluak

Bost atxilotu eta 24 ikertu, Bilbon futbol partida baten ostean arma zuriekin izandako borroka batengatik

Hainbat pertsona zauritu ziren, eta horietako bi Basurtuko ospitalera eraman behar izan zituzten. Eibarko eta Bilboko bi gazte taldek sare sozialen bidez egin zuten hitzordua norgehiagoka Bizkaiko hiriburuan jokatzeko, Irala auzoan, hain zuzen ere.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak 15 eta 19 urte bitarteko bost gazte atxilotu ditu Bilbon, eta beste 24 pertsona ikertzen ari da, futbol partida baten ostean izandako istiluetan parte hartzeagatik. Liskar horretan, arma zuriak eta objektu "arriskutsuak" erabili zituzten.

Segurtasun Sailak ohar baten bidez jakinarazi duenez, hainbat pertsona zauritu ziren, eta horietako bi Basurtuko ospitalera eraman behar izan zituzten.

Ertzaintzak igande honetan jakin zuenez, Eibarko eta Bilboko bi gazte taldek sare sozialen bidez egin zuten hitzordua Bizkaiko hiriburuan futbol norgehiagoka bat jokatzeko, Irala auzoan, hain zuzen ere.

Antza denez, partida amaitu zenean, 20:00ak aldera, bi taldeen arteko erasoak hasi ziren, arma zuriekin eta bestelako tresna "arriskutsuekin".

Bertaratu ziren ertzainek bost gazte atxilotu zituzten, 15 eta 19 urte bitartekoak, lesio-delituak egotzita, eta, gainera, beste 24 pertsona ikertzen ari dira liskarrengatik.

Atxilotuak ertzain-etxera eraman zituzten, beharrezko izapideak egiteko, eta, amaitutakoan, epailearen esku uzteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Futbola Bilbo Ertzaintza Bizkaia Gipuzkoa Eibar Delituak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Basurtuko ospitalea Gazteak azken ordukoa