Gizartea -
Indarkeria matxista
Emakume batek eraso matxista bat jasan du Hondarribian
Udalak elkarretaratzea egin du arratsaldean erasoa gaitzesteko. Gipuzkoako Foru Aldundiak, bestalde, "irmoki" salatu du erasoa, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde borrokan jarraitzeko deia egin du.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Hondarribiko Udalak "babesa eta gertutasuna" agertu dizkio ostegunean eraso matxista bat jasan zuen emakumeari, eta bizikidetza hausten duen edozein eraso mota gaitzetsi du. Gertakaria salatzeko, bestalde, elkarretaratzea egin dute 18:30ean.
Ohar baten bidez, Udalak azpimarratu du lanean jarraitu beharra dagoela, "inork justifika ez ditzan gure gizartean lekurik ez duten jarrerak".
Horrela, herri osoan "gune seguruak" bermatzeko konpromisoa berretsi du "pertsona guztiak aske eta errespetatuta senti daitezen".
Gipuzkoako Aldundiak erasoa gaitzetsi du
Gipuzkoako Foru Aldundiak ere "irmoki" gaitzetsi du erasoa, ohar baten bidez. Era berean, "hurbiltasuna eta elkartasuna" agertu dizkio biktimari, baita haren senitarteko eta gertukoei ere.
Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna azpimarratu du, gisa horretako erasoek "berdintasunik eza" dutelako oinarri, oharraren arabera. "Jokabide eta ideia matxistak dira funtsean, emakumeak kontrolatzea helburu dutenak", salatu dutenez.
"Duintasuna, sexu askatasuna eta emakumeen osotasun fisikoa urratu ezin diren eskubideak dira", nabarmendu du. Horrekin batera, eskubide horien kontrako eraso guztiak "onartezinak" direla esan du, eta "ez dute gure gizartean tokirik".