Gizartea -

Ahtletic Club

Kopako finalaren ospakizunetan emakume bat larri zauritu zen, piroteknia artefaktu bat hankan lehertuta

Udaltzaingoak ikerketa abiatu du gertatutakoa argitzeko. 65 urteko emakumea ospitalean dago, ebakuntza baten zain. Bilboko Udalak gogorarazi du ospakizunotan segurtasuna dela garrantzitsuena.

San Mames estadioko kanpoaldea, larunbat gauean. Argazkia: EFE
San Mames estadioko kanpoaldea, larunbat gauean.
San Mames estadioko kanpoaldea, larunbat gauean. Argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Udaltzaingoak ikerketa zabaldu du Bilbon, Errege Kopako finalaren ospakizunen testuinguruan, emakume bat larri zauritu zela eta. Antza, piroteknia artefaktu bat jaurti zuten, eta hankan lehertu zitzaion andreari. 65 urteko emakumea ospitalean dago, larri. 

Bilboko Udalak EITBri jakinarazi dionez, gertakariak larunbat gauean geratu ziren, Gurtubai kalean, San Mames estadiotik gertu. Zaleek botatako suziri batek finala ikustera joandako ahtleticzale bat zauritu zuen hankan

Inguruko pertsonak egin zioten harta hasieran, eta gero Basurtuko Ospitalera eraman zuten, tibia eta peronea hautsita zituela eta urgentziazko ebakuntza bat egin behar izan zioten. Ingresatuta jarraitzen du erietxean, beste ebakuntza bat noiz egingo zain

Biktimaren familiak salatu duenez, "artefaktua modu horizontalean jaurti zuten, hainbat pertsonaren buruen gainetik igarota. Azkenean, altura galdu zuen eta 200 bat metrora gure senitartekoaren hankan lehertu zen". 

Udaltzaingoaren hainbat agente gertakarien lekura hurbildu ziren, eta biktimarekin eta hainbat lekukorekin hitz egin ostean, ikerketa abiatu zuten, ofizioz. Bildutako dokumentazioa dagokion epaitegiaren esku utzi dute jada. 

Familiak suziriek duten arriskuen inguruko kontzientzia piztu nahi du

Hain justu, zauritutako emakumearen senitartekoek tankerako gailuek duten arriskuaz ohartarazi dute eta jaurti zutenei euren ardura onartzeko deia egin diete, ikerketarekin kolaborazioa eskatuz. "Era berean, gertakariaren lekuko izan zirenei laguntzeko eskatu nahi diegu, atestatuan deklaratzeko", adierazi dute komunikabideei igorritako ohar batean. 

Halaber, agintariei ere dei egin diete artefaktu horien salmenta kontrolatu dezaten. Nabarmendu dutenez, "Gabarraren ekitaldia antolatzen ari direnei eskatu nahi diegu lehergailu horiei eman behar zaien garrantzia emateko". 

Bilboko Udalak ohartarazi duenez, tankera horretako suziriak arriskutsuak dira, eta bihar gabarra aterako dutela eta, "segurtasuna ospakizuna baino garrantzitsuagoa" dela gogorarazi du. Hala, erantzukizunez jokatzeko deia egin die zale guztiei. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Athletic Bilbo Errege Kopa San Mames Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Basurtuko ospitalea