Mundua -

Siriako gatazka

'Ez dugu Iraken egindako akatsa Sirian berriro egingo', esan du Kerryk

1.429 pertsonaren, tartean 426 haurren, heriotzaren errudun jo du Al Asaden eregimena.AEBetako Estatu idazkariaren hitzetan, frogak ''argiak eta sinesgarriak'' dira.

John Kerry
John Kerry
Kerryk Siriako eraso kimikoan 1.429 biktima egon zirela baieztatu du

2:16

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

''Inongo zalantzarik gabe'', Bashar al Assaden erregimena da abuztuaren 21ean Damaskon arma kimikoak erabilita egindako erasoaren erantzulea, John Kerry AEBetako Estatu idazkariak ostiral honetan adierazi duenez. Eraso horretan 1.429 pertson hil ziren, tartean 426 haur, Kerryk azaldu duenez.

Estatu idazkariak ziurtatu du AEBek dituzten frogak ''argiak eta sinesgarriak'' direla, eta ''konfiantza handia'' dutela erasoen erantzulea Siriako presidentea dela. Washingtonek, dena den, hainbat xehetasun aireratu ezin dituela ohartarazi du Kerryk.

''Ez dugu Iraken egindako akatsa Sirian berriro egingo'', gaineratu du. ''Inteligentzia zerbitzuek behin eta berriz berrikusi dute erasoaren inguruko informazioa, eta Iraken baino ardura handiagoz. Ez dugu orduko hura errepikatuko'', gaineratu du.

"Ezer ez egiteak dakarren arrikuaz galdetu behar diogu gure buruari'', ohartarazi du Kerryk.

Horren ildoan, Estatu idazkariak esan du Obamak badakiela erabakiak ''ondorioak izango dituela'' eta nazioaren segurtasunarentzat berebizikoa dela. Hala, esku-hartze militarra egitea suntsipen handiko armak erabiltzea azter dezaketenentzat mezua litzatekeela uste du Kerryk.

Estatu Batuen esku dauden frogak

AEBetako txosten horren atal batean jasotzen denez, AEBetako Inteligentzia zerbitzuek Siriako erregimenaren hainbat goi kargudunen komunikazioak atzeman zituzten bidean, eta, bertan, arma kimikoen erabilera baieztatzen dute.

Segurtasun arrazoiengatik ez dute txostena osorik zabaldu, baina, bertan, lekukoak, medikuak, inteligentzia geoespaziala eta sare sozialetako bideoak dituzte informazio iturri osagarri gisa.

AEBetako informazio horren arabera, erasoa prestatzeko lanak hiru egun lehenago hasi ziren, Adra eskualdean. ''Gizakien'' eta ''inteligentzia geoespazialak'' utzitako datuen arabera, Siriako erregimenaren arma kimukoen programa kudeatzen duen Ikerketa Zentruko hainbat arduradunek abiatu zituzten lan horiek.

''Arma kimikoak nahasten dituzten tokitik gertu'' dago Adra, txostenaren arabera.

Azalpenak Kongresuan

Barack Obama AEBetako presidenteak eta bere segurtasun taldeak azalpenak eman dituzte Kongresuan Sirian eraso militarra egiteak dituen helburuen eta arrazoien inguruan. Erresuma Batuak esku-hartze militarrari uko egin ostean, Obamak bakarrik jokatzea erabaki dezake.

CNNk eta The New York Timesek Gobernuko hainbat iturri aipatuta zabaldu dutenez, Obamak dagoeneko erabaki du Sirian bere kabuz eraso egitea, Britainia Handiko Gobernuak Parlamentuaren erabakiari jaramon egin eta Bachar al Asaden Gobernua ez zigortzea erabaki eta gero.

Obamak "nazioartearen erantzuna" bilatuko zuela esan bazuen ere, AEBetako presidenteak bakarrik aurrera egitea erabaki lezake, baita NBEren Segurtasun Kontseiluaren babesik gabe ere. Izan ere, hor babesa lortzea oso zaila dauka, betorako eskubidea duten Errusia eta Txina kontra agertuko baitira.

Josh Earnest Etxe Zuriaren bozeramaileordeak ez du baieztatu Obamak Kongresuari baimena eskatuko ote dion, eta Kongresuarekin etengabeko harremanetan dagoela esatera mugatu da.

AEBetako legediaren arabera, ordea, Gobernuak 48 orduko epearekin jakinarazi behar dio Kongresuari eraso militarra egingo duela, eta Kongresuaren baimena behar du operazio militarra k 60 egun baino gehiago irauten badu. Hala ere, ez lizateke lehenengo aldia izango Kongresuaren baimenik gabe gerrara jotzen dutena.

NBEk denbora eskatu du

Nazio Batuen erakundeak aurreratu duenez, ez dute ikuskatzaileen aurretiazko ikerketarik jakinaraziko eta azterketa zientifikoei itxarongo diete txostena kaleratzeko.

Frantzia, eraso egiteko prest

François Hollande Frantziako presidenteak argi adierazi du ez duela bere jarrera aldatuko Siriari dagokionez Britainia Handiak eraso militarra baztertu badu ere, eta esku-hartzeko "prest" agertu da, nahiz eta bere helburua ez izan Bachar al Asad agintetik kentzea.

"Herrialde bakoitza libre da operazio batean parte hartu ala ez erabakitzeko. Horrek Britainia Handiarentzat eta Frantziarentzat balio du", adierazi du Hollandek Le Monde egunkarian egin dioten elkarrizketa batean.

Agintari frantziarrak azpimarratu du "Damaskoko sarraski kimikoak" ezin duela "inpunitatean" geratu. Hori horrela, argi aderazi du ez duela Siria "askatzeko" edo "diktadorea agintetik kentzeko" operazio batean parte hartuko, bere helburua "erregimena herritarren kontra egiten ari den erasoa" etetea baita.

Ezer ez egitea indarkeriaren "gorakada bat izateko arriskua egongo litzateke, arma kimikoen erabilera onartuko genuke eta beste herrialdeekiko mehatxua handituko litzateke".

"Segurtasun Kontseiluak ez badu bere burua esku-hartzeko moduan ikusten, koalizio bat osatuko da. Ahalik eta zabalena izan beharko da, eta Liga Arabiarraren babesa izango du, krimena gaitzetsi eta nazioartea ohartarazi baitu", gaineratu du Hollandek.

Erresuma Batuak ez du parte hartuko

Erresuma Batuak ez du pare hartuko Sirian balizko esku-hartze militar batean, Philip Hammond Defentsa ministroak baieztatu duenez. Izan ere, Parlamentu britainiarrak ez du onartu Sirian esku-hartze militar ''legal eta proportzionala'' egiteko David Cameron lehen ministroak aurkeztutako plana.

Ekimenak aldeko 285 boto eta kontrako 272 boto jaso ditu, eta Parlamentuaren ezezkoa aintzat hartzen duela eta ''emaitza hori oinarri hartuta'' jardungo duela aurreratu du Cameronek.

BBC telebista katean egiten dituen adierazpenetan, Hammondek esan du Estatu Batuek ''desengainu handia'' hartuko dutela, baina ministroak ez du uste erabaki horrek inongo ekintzarik geldiaraziko duenik.

Iranek abisua eman du

Hasan Firubadi Irango Armadako buruzagiak ohartarazi duenez, atzerriko herrialdeek Siriari eraso egiten badiote, erasoak "sionistak sutara eramango lituzke -Israeli aipamena eginda-", Press TV Irango telebista kateak zabaldu duenez.

"Erasoak min handia egingo lioke giza komunitateari eta haren ondorioak ez dira musulmanen komunitatean bakarrik ikusiko. Ameriketako Estatu Batuek, Erresuma Batuak eta gainerako aliatuek asko sufrituko dute Sirian eta lurraldearen inguruan indarrak sakabanatzen badituzte", gaineratu du.

Firuzabadiren esanetan, Siriako biztanleriak lehenengo momentutik erakutsi dute "erresistentzia maila handia eta kemena daukate, eta hori esker edozein gerra irabaziko dute".

Ostegun honetan bertan, Simon  Peres Israeleko presidenteak oharatarazi du Israelek "indar guztiarekin" erantzungo duela, lurraldeak edozein eraso pairatzen badu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Egungo berriak Gerra Siria Ameriketako Estatu Batuak NBE argazkiak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Iran argazkiak Zer gertatzen ari da Iraken? Zer ari da gertatzen Sirian? Ekialde Hurbileko albisteak