Mundua -

Ukraina

MH17 hegazkineko biktimen gorpuak Herbeheretara heldu dira

Herbeheretako Hercules hegazkin batek eta Australiako Boeing batek biktimen gorpuzkiak Eindhoveneko basera eraman dituzte. Herbeheretako erregeak eta Gobernuak bi hegazkinei harrera egin diete.

Artxiboko irudia: EFE
Artxiboko irudia: EFE
Aurreneko gorpuak iritsi dolu nazionalean dagoen Herbeheretara

1:43

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Herbeheretako Hercules hegazkin batek eta Australiako Boeing batek Malaysia Airlinesen hegaldiko biktimen gorpuzkiak Eindhoveneko basera eraman dituzte gaur. Jarkovetik (Ukrainako ekialdea) Eindhovenera (Herbeheretako hegoaldea) eraman dituzte.

24 hilkutxa zeramatzan Australiako hegazkinak 13:47ean (GMT) lur hartu du eta minutu gutxi batzuk geroago Herbeheretako hegazkin militarrak gauza bera egin du. Bigarrenak 50 bat gorpu eraman ditu.

Guillermo-Alejandro eta Maxima Herbeheretako erregeak, Mark Rutte lehen ministroak, Gobernuak eta Julie Bishop Australiako Atzerri ministroak bi hegazkinei harrera egin diete base militarreko pistan.

Base militarreko tropek bi hegazkinak hartu dituzte. Hegazkinetako bi aldeetan agur militarra egin diete. Buruzagiek eta soldaduek minutu bateko isilunea gorde dute.

Last Post ereserkia jo du Herbeheretako musika-talde militarrak. Commonwealtheko herrialdeen armadetan hildakoen oroimenez jotzen duten pieza da.

Dolu nazionala dute Herbeheretan. 1962an Guillermina erregina, Guillermo-Alejandro erregearen amona, hil zenetik ez zen halakorik gertatzen. Era berean, Harmelenen, tren istripu batean, 93 pertsona hil eta beste 52 zauritu zirenean dolu nazionala deitu zuten.

Holanda hegazkineko biktimak efe

Dolu nazionala eta Herbeheretako banderak masta erdian, Utrechten. Argazkia: EFE

Identifikazioa Hilversumen

Eindhoveneko basea inguratzen duen hesian, Herbeheretako herritarrek loreak jarri dituzte biktimen oroimenez. Hildakoen hilkutxak hangar batean gorde dituzte eta ondoren konboi batek Hilversumeko base militarrera (iparraldean) eraman ditu.

Hilversumen, auzitegiko medikuek biktimak identifikatzeko lanari ekingo diote, baina zenbait hilabete beharko dituzte amaitzeko, Ruttek aurreratu duenez.

Orotara, 298 pertsona hil ziren uztailaren 17ko hegazkin ezbeharrean, eta horietatik 193 herbehereetarrak eta 27 australiarrak ziren. Ezbeharra zerk eragin zuen ez da argitu, baina antza denez, errusiazaleen kontrolpean dagoen gune batetik jaurtitako misil batek eragin zuen.

Frans Timmermans Herbehereetako Atzerri ministroak asteartean Bruselan egin zen Europar Batasunaren bilera, hegazkinaren ezbeharra zerk eragin zuen argitzeko ikerketa sakona eta independentea egitea eskatu zuen. Ruttek telefonoz hitz egin zuen Barack Obama AEBetako presidentearekin, eta behin gorpuak aberriratu ostean "lehentasuna ezbeharraren inguruan segurtasun perimetroa osatzea eta ikerketa osoa eta gardena zehaztea" izan behar zuela adostu zuten.

Hegazkinaren kaxa beltzak Erresuma Batura iritsi dira

Uztailaren 17an Ukraina ekialdean jauzi zen Malaysian Airlines konpainiako hegazkinaren kaxa beltzak gaur iritsi dira Erresuma Batura, eta adituek horiek ikertzeari ekingo diote, aire-istripuen ikerketa departamentuak (AAIB) jakinarazi duenez.

AAIBren Farnborougheko egoitzan dauden aipaturiko kaxa beltzak, Ingalaterra hegoaldean. Bertan aztertuko dituzte kaxa beltzak Herbehereetako agintariek hala eskatuta.

Ustez, errusiazaleen kontrolpean dagoen gune batetik jaurtitako misil batek botarazi zuen hegazkina. Aditu britainiarrek pilotuen elkarrizketak entzun eta hegazkinaren datuak ebaluatuko dituzte. Garraio ministro britainiarrak azaldu duenez, 24 orduan kaxa beltzetako informazio guztia berreskuratzea espero dute, baina emaitzak Herbehereetako Gobernuari helaraziko dizkiote.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea