Mundua -

Gazaren aurkako erasoaldia

Israelek ume bat hil du, su-etena berriz ere urratuta

Israelgo Armadak hainbat bonbardaketa egin ditu, alde bakarreko eta zazpi orduko su-etena indarrean bada ere.

Honela geratu da Israelek gaur Gaza Hirian bonbardatutako etxebizitza. EFE
Honela geratu da Israelek gaur Gaza Hirian bonbardatutako etxebizitza. EFE
Su eten iragarpen eta guzti, bonbardaketak Gazan

1:21

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Israelgo Armadak zazpi orduko su-eten partziala hasi du gaur, laguntza humanitarioa sartzen uzteko.

Tregoa 10:00etan (09:00ak, Euskal Herrian) hasi da. Dena dela, handik eta minutu batzuetara, Israelgo Armadak etxebizitza bat bonbardatu du Gaza Hirian, eta 8 urteko neskato bat hil du. Zauritutakoak 30 inguru izan dira, tartean hainbat ume.

Ondoren, Israelek Al Nuseirateko errefuxiatu-zentroa bonbardatu du, Gazako erdigunean.

Su-etena ez dago indarrean Rafah herrian (hegoaldean, Egiptoko mugan) soldadu israeldarrek erasotzen jarraituko dute.

Atzo NBEren beste eskola bati eraso egin eta gutxienez 10 zibil hil eta gero etorri da su-eten iragarpena.

Erasoa "irain morala eta ekintza kriminala" dela salatu du Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak, eta hori "nazioarteko legediaren urraketa larria" izan dela gaineratu du.

Bestalde, su-etena "amarrua" dela ohartarazi du Hamasek.

"Israelek iragarritakoa alde bakarrekoa da eta [nazioarteak] sarraskiei ez begiratzea du helburu. Ez gara fio, eta zuhurrak izatea eskatzen diegu herritarrei", adierazi du Sami Abu Zuhri talde islamiarreko bozeramaileak.

Israelek 1.800 palestinar baino gehiago hil ditu, eta 10.000 zauritu, uztailaren 8an Gazaren aurkako erasoaldia abiatu zuenetik. Biktimen % 80 zibilak dira, NBEren esanetan.

Milizia palestinarrek 63 soldadu israeldar eta bi zibil hil dituzte.

Atentatua indus-makina batekin

Gainera, bi pertsona hil eta beste bost zauritu dira Jerusalemen, Yabel Mukabar herrixkako nekazari batek induskatzeko makina bat erabiliz egindako eraso batean, Poliziak jakinarazi duenez.

Jerusalem_atentatua_traktorea_APTN

Gizona aipatutako hiriko erdigunean zegoen autobus bat iraultzen saiatu da makinarekin, hiru segurtasun-agentek tirokatu baino lehen.

Operazioak jarraituko du

Benjamin Netanhayu Israelgo lehen ministroak esan duenez, Gazako Zerrendaren kontrako operazioak aurrera jarraituko du, bukatzear dagoena palestinarrek egindako tunelak ezereztatzeko operazioa da.

"Gazan operazioak jarraituko du. Tunelak topatu eta erabili ezinik uzteko operazioa da bukatzear dagoena, baina Zerrendaren kontrako operazioak bukatuko du lasaitasuna eta segurtasuna epe luze batean berrezartzen denean", esan du Gobernu buruak Defentsako agintariekin izandako bilera baten ostean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko berriak Gazako albisteak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Israel albisteak azken ordukoa Palestina albisteak Zer gertatzen ari da Ekialde Hurbilean? Benjamin Netanyahu