Mundua -

Ebola izurritea Afrikan

Espainiaratzearekin arriskurik ez dagoela ziurtatu du Gobernuak

Ebola izurriteak 1.711 lagun kutsatu ditu Mendebaldeko Afrikan, horietako 932 hil dira. Gaixotasunaren agerraldia dagoeneko "izurritea" dela adierazi du Medicos del Mundo erakundeak.

Airbus hegazkin medikoa. Argazkia: EFE
Airbus hegazkin medikoa. Argazkia: EFE
Iritsi da Liberiara Miguel Pajares espainiaratuko duen hegazkina

0:00

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maria Mercedes Vinuesa Osasun Publikoko zuzendari nagusiak azaldu duenez, Miguel Pajares elizgizonaren Espainiaratzean herritar guztien segurtasuna "erabat bermatuta" dago. Espainiako erlijiosoak positibo eman zuen ebolaren probetan.

Miguel Pajares elizgizona Espainiaratu behar duen hegazkina eguerdian aireratu da Torrejon de Ardozeko (Madril) basetik eta Monroviako aireportuan (Liberia) lur hartu du 18:30ean, Defentsa Ministerioak jakitera eman duenez.

Vinuesaren hitzetan, hegazkina "guztiz prestatuta" dago hiru pertsona ekartzeko. Ondorioz, Juliana moja hegazkin berdinean Espainiaratuko dute. Ginean jaiotakoa da, baina Espainiako naziotasuna du mojak.

Pajares non ospitaleratuko duten ez du zehaztu Vinuesak, baina Carlos III ospitalera eramango dutela baieztatu dute jadanik. Zentroa eritasun epidemiologikoetan aditua da.

La Paz ospitaleko kanpo hondamendien batzordeak hartu du erabakia. Segur aski, elizgizona pabiloi batean bakartuko dute. Erizainak sartzeko eta ateratzeko zirkuitu berezia izango dute egongelek. Horrela, bisita baino lehen eta gero dutxa hartu eta segurtasun soinekoa kendu beharko dute.

932 hildako Mendebaldeko Afrikan

Ebola izurriteak 1.711 lagun kutsatu ditu Mendebaldeko Afrikan, horietako 932 hil dira, Munduko Osasun Erakundeak egindako azken zenbaketaren arabera. Abuztuaren 2tik 4ra bitartean, 108 kasu berri zenbatu dituzte Ginean, Liberian, Nigerian eta Sierra Leonan. Era berean, 45 pertsona hil dira tarte horretan.

Ebola agerraldia dagoeneko "izurritea" dela adierazi du Medicos del Mundo erakundeak. Gaixotasuna "gehiago ez zabaltzeko beharrezko neurriak" hartzeko unea dela ohartarazi du erakundeak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea