Mundua -

Eskoziako Erreferenduma

Eskozia 'eredua' dela esan du Europak

'Autobergu gehiago, baina Erresuma Batuaren aterpean'. Hori da, Schulzen aburuz, independentziaren bidea jorratzen ari diren herrientzako eredua.

Martin Schulz, Europako Parlamentuko presidentea.
Martin Schulz, Europako Parlamentuko presidentea.
Martin Schulz, Europako Parlamentuko presidentea.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eskozia, autogobernu handiagoarekin eta Erresuma Batuaren aterpean, eredua izango da independentziaren aldeko bidean lanean ari diren beste herri batzuentzat. Hala esan du Martin Schulz Europako Parlamentuko presidenteak.

Alemaniako irrati-kate publikoan egin dioten elkarrizketan, Schulz pozik agertu da Eskoziako Erreferendumaren emaitzarekin,  Europarentzat albiste ona dela iritzita. "Nire ustean,  Eskoziak maila ekonomikoan, kulturalean eta azpiegituretan autogobernu gehiago izatea lortzen bada, eta Erresuma Batuaren aterpean jarraitzen badu, eredu ona izan daiteke bide berbera jorratzen ari diren beste hainbat herrirentzat", esan du.

Emaitzarekin ez ezik, erreferendumaren prozesu osoarekin agertu da pozik Europako Parlamentuko presidentea. Bere hitzetan, "benetan zoriontzekoa" da Eskoziar guztiek, independentziaren aldekoek eta kontrakoek, erakutsi duten jarrera. Erresuma Batuak ere demokrazia lezioa eman duela gaineratu du, "erreferenduma egitea ontzat emanda".

Baiezkoak irabazi izan balu  Europak erantzuna prest ote zuen galdetuta, Schulzek ezetz erantzun du. "Ez genuen B planik. Europako tratatuek ez dute aurreikusten estatu kide bateko herrialde batek independentzia aldarrikatzea. Ez dago jasota gure tratatuetan aukera hori", gaineratu du.

Eskoziako kasuak hausnarketarako balio behar duela azpimarratu du. Eskozia independente batek Europako Batasunean sartu nahi izan balu, kide guztien babesa beharko luke, baita Erresuma Batuarena ere, eta ariketa hori, Schulzen aburuz, ez litzateke erraza izango.

'Europa, batuago eta sendoago'

Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidentea ere gustura agertu da eskoziarrek independentziari ezetz esan diotelako. Bere hitzetan, "Europarentzat albiste ona da. Europa batuago eta sendoago dago orain", esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eskoziako erreferenduma