Mundua -

Gaza eta Zisjordania

Batasuneko Gobernua adostu dute Al-Fatah eta Hamas mugimenduek

Horrela, erakunde zibilak bateratuko dituzte eta Gaza berreraikitzeko batzorde bat sortuko dute. Batasun nazionaleko Gobernuak batzordea ikuskatuko du.

Hamas eta Al-Fatah mugimenduetako ordezkaritzak Kairon (Egipto). Argazkia: EFE
Hamas eta Al-Fatah mugimenduetako ordezkaritzak Kairon (Egipto). Argazkia: EFE
Hamas eta Al-Fatah mugimenduetako ordezkaritzak Kairon (Egipto). Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Palestinar Aginte Nazionala (ANP) Gazara itzuli ahal izateko oztopo guztiak kentzea adostu dute gaur Al-Fatah mugimendu abertzaleak eta Hamas islamiarrak, Kairon (Egipto). Horrela, batasun nazionaleko Gobernu bat osatuko dute Gazako Zerrendan eta Zisjordanian.

Palestinako iturriek jakitera eman dutenez, Kairoko negoziazioan akordio batera heldu dira bi mugimenduak Egiptoren bitartekotzarekin. Gainera, hurrengo fase baterako programa politikoa finkatu dute.

Bestalde, Gazan eta Zisjordanian batasun nazionaleko Gobernuaren funtzionamendua eragozten zuten oztopo guztiak ezabatu dituztela azaldu du Azam Al Ahmed Fatah-eko ordezkaritzaren buruzagiak prentsaurrekoan.

Gaza berreraikitzeko batzordea

Horrela, erakunde zibilak bateratuko dituzte eta Gaza berreraikitzeko batzorde bat sortuko dute. Batasun nazionaleko Gobernuak batzordea ikuskatuko du. Israelen azken erasoaldian 2.100 palestinar eta 70 israeldar hil ziren.

Musa Abu Marzuk Hamasen ordezkaritzako buruzagiak azaldu duenez, batzordearen osaketa "Gaza berreraikitzeko lanean nazioarteko dohaintzak ANPren esfortzuan konfiantza izateko pauso bat da".

Gainera, akordioarekin ANPk muga guztiak kontrolatuko ditu, baita Zerrendakoak ere.

Bi fakzioen arteko borroka 2007ko ekainean hasi zen. Islamiarrek Gazako Zerrendaren kontrola bereganatu zuten Mahmud Abas Palestinako presidentearen indarrak kanporatu eta gero. Ondorioz, bi gobernu osatu ziren: Hamasena Gazan eta ANPrena Zisjordanian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko berriak Gazako bideoak Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Zer gertatzen ari da gaur Palestinan? Ekialde Hurbileko albisteak Hamas gaur