Mundua -

Abenduaren 10ean

Kolonbiako Gobernuak eta FARCek elkarrizketei helduko diete berriro

Habanan iragarritako akordioaren bitartez bi aldeek amaitutzat eman dute Ruben Dario Alzate jeneralaren bahiketak piztutako krisiari.

FARCeko eta Kolonbiako Gobernuaren ordezkariak elkarri agurtzen, Habanan. EFE
FARCeko eta Kolonbiako Gobernuaren ordezkariak elkarri agurtzen, Habanan. EFE
FARCeko eta Kolonbiako Gobernuaren ordezkariak elkarri agurtzen, Habanan. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kolonbiako Gobernuak eta Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak (FARC) gerrillak bake-prozesuan azken asteetan izandako krisia gainditutzat eman dute, eta abenduaren 10a eta 17a bitartean, Habanan, berriro elkartuko direla jakinarazi dute.

“Kolonbiako Gobernuko eta FARCeko ordezkariek azken asteotako gertakariak aztertu ditugu eta krisia amaitutzat eman daitekeela ondorioztatu dugu”, esan dute bi aldeek, Kubako eta Norvegiako bitartekariek Habanan irakurritako agiri baten bidez.

Bilera-sorta berriari abenduaren 10ean ekingo diote. Abenduaren 16an, berriz, prozesu honetan parte hartuko duen biktimen azken taldearekin bilduko dira, gatazkaren ondorioez hitz egiteko.

Horrez gain, etorkizunean izan daitezkeen balizko krisiak ekiditeko asmoz, mekanismo iraunkor bat eratzea erabaki dute. Ardura hori bitartekariek hartuko dute.

Gabonetan geldialdia egingo dute eta urtarrilaren bigarren hamabostaldian bilduko dira berriro Kolonbiako Gobernuaren eta FARCen negoziatzaileak, baina oraingoz ez dute datarik zehaztu.

Kolonbiako bake-prozesua eten egin zen azaroaren 17an, FARCek Ruben Dario Alzate Kolonbiako Armadako jenerala eta beste bi lagun bahitu zituenean; izan ere, gertakari horren ondorioz Juan Manuel Santos presidenteak Habanako negoziazioa bertan behera uztea erabaki zuen.

Alabaina, igandean, azaroaren 30ean, FARCek hiru bahituak askatu zituen, eta bi aldeek elkarrizketei berriro heltzeko asmoa agertu zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea