Mundua -

Su-etena baztertu dute

Donetsk berreskuratzeko erasoaldia iragarri dute errusiazaleek

“Ez da su-eten gehiagorik izango”, adierazi du Alexandr Zajarchenko matxinoen buruzagiak. Bestalde, egoerak okerrera egitea Ukrainako agintarien erantzukizuna dela kritikatu du Putinek.

Matxino errusizaleen tanke bat Donetsken. Artxiboko irudia: EFE
Matxino errusizaleen tanke bat Donetsken. Artxiboko irudia: EFE
Errusiaren aldeko miliziek ez dutela tregua gehiago egingo esan dute

0:24

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donetsk Ukrainako eskualde osoa berreskuratzeko erasoaldia iragarri dute gaur matxino errusiazaleek. Honenbestez, Kieveko buruzagiekin su-eten berri bat adostea baztertu dute.

Minskeko bake akordioen arabera, iraileko posizioak mantentzeko konpromisoa hartu zuten bi aldeek. Une horretan matxinoek meatze-eskualdeko heren bat kontrolpean zuten errusiazaleek. Lurraldearen zatirik handiena, ostera, Ukrainako soldaduen kontrolpean dago.

Hala ere, etsaien artilleria urruntzeko modu bakarra Kieveko indarren aurkako erasoaldia abiatzea dela ziurtatu du Alexandr Zajarchenko aldebakarrez aldarrikatutako Donetskeko errepublikaren buruzagiak.Azken egunetan Gobernuko tropen artilleriak auzo errusizaleen kontrako erasoak egin dituela argudiatu du Zajarchenkok erabakia justifikatzeko.

Donetskeko garraio publikoaren geltoki batean bonba bat erori zen ostegunean eta zortzi pertsona hil zituzten. Azken bederatzi egunetan 262 zibil hil dituzte Ukrainako ekialdean, NBEko zifren arabera. Horregatik, erasoaldia jotzeko erabakia hartu dute matxino errusiazaleek.

Zajarchenko: "Ez da su-eten gehiagorik izango"

“Ez da su-eten gehiagorik izango”, errepikatu du Zajarchenkok. Iragan abenduaren 9an aldarrikatutako su-etena urtarrilaren bigarren astera arte errespetatu zutela azaldu du, baina orain akordio hura hutsaren hurrengoa dela salatu du.

Petro Poroxenko Ukrainako presidenteak Minseko bake negoziazioetan parte hartzen ez baldin badu berak ere ez duela parte hartuko esan du Zajarchenkok, nahiz eta Errusia eta Europako Segurtasun eta Lankidetzarako Erakundea bitarteko izan.

Egoerak okerrera egitea eta zibilen heriotza Ukrainako agintarien erantzukizuna direla ziurtatu du Vladimir Putin Errusiako presidenteak Moskun, Segurtasun Kontseiluaren bilera batean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albiste garrantzitsuak Ukraina Errusia berriak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Errusia-Ukraina gerra gaur