Mundua -

Bonbardaketak Raqan (Siria)

Jordaniak AEBko bahitu bat hil duela adierazi du Estatu Islamikoak

26 urteko Kayla Jean Mueller boluntarioa Jordaniaren bonbardaketetan hil dutela jakinarazi du Estatu Islamikoak. Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak ez du informazioa baieztatu.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estatu Islamikoak gaur ziurtatu duenez, 26 urteko AEBko bahitu bat hil dute gaur Jordaniako Aireko Indarren eraso batean, Site Intelligence erakundeak jakitera eman duenez. AEBko erakundeak jihadisten mezuak aztertzen ditu.

AEBko bahitua eraikin batean zegoen Raqan (Siria), Estatu Islamikoaren gotorlekuan. Boluntarioa Turkia eta Siriaren arteko mugan lan humanitarioa egiten ari zen Estatu Islamikoak bahitu zuenean. Bonbardaketek eraikina suntsitu dutela azaldu dute jihadistek Twitter sare sozialean.

Kayla Jean Mueller Arizonako boluntarioa hil dela azaldu dute jihadistek mezuan. Ameriketako Estatu Batuak izena sekretupean gordetzen saiatu dira; izan ere, askatzeko ahaleginetan ari ziren. Bahituaren heriotza baieztatzerik ez dagoela esan du gaur AEBko Gobernuak.

30 miliziano hil dituzte

Jihadismoaren aurkako koalizio militarraren bonbardaketek gutxienez Estatu Islamikoaren 30 miliziano hil dituzte Raqan, Siriako Giza Eskubideen Behatokiaren (OSDH) arabera.

Jordania AEBekin batera bonbardaketetan parte hartzen ari da, jihadisten kontrako nazioarteko koalizioan. Estatu Islamikoak Kasasbeh pilotua akabatu eta gero erasoak areagotu ditu Jordaniak aste honetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Ameriketako Estatu Batuak albisteak Bahiketak argazkiak Estatu Islamikoa Eguneko albisteak Albisteak Ekialde Hurbileko albisteak Jordania