Mundua -

Martin Schulzekin bilera

Tsiprasen esanetan, "arazoa ez da greziarra, europarra baizik"

Jean-Claude Juncker Europar Batasuneko presidentearekin ere elkartu da Greziako lehen ministroa.

Alexis Tsipras eta Martin Schulz bilera aurretik. Argazkia: EFE
Alexis Tsipras Martin Schulz EFE
Tsipras: 'Arazoa ez da Greziaren bakarrik, Europa osoarena baizik'

02:06

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alexis Tsipras Greziako lehen ministroak esan duenez, "arazoa ez da greziarra, europarra baizik", eta "Atenas bere konpromisoak betetzen ari da", gaineratu du Tsiprasek.

Bazkideei, berriz, solidaritatea eta "beren zatia egitea" eskatu die. "Gure bazkideek dagokiena egitea espero dugu eta konponbide bat bilatzea", adierazi du Tsiprasek Martin Schulz Europako Parlamentuko presidentearekin izan duen bileraren amaieran. "Elkarrizketa gehiago behar da Greziaren eta gainerako estatu kideen eta erakundeen artean", gaineratu du.

"Eurotaldeak otsailaren 20an hartutako erabakian jasota dauden konpromisoak betetzen hasi da Grezia, gure esku dagoena egiten ari gara eta gure bazkideek gauza bera egitea espero dugu. Konponbidea aurkituko dugun ustea dut, oso baikorra naiz, betiko legez", esan du Tsiprasek.

"Eurogunean hartutako erabakien inguruan ikuspegi ezberdinak daude, eta horrek tentsioak eragiten ditu. Gaur eta datozen egunetan tentsio hori konpontzeko saiakera egitea gomendatu diot lehen ministroari", esan du Schulzek. Europako Parlamentuko presidenteak ezinbestekotzat jo du tentsioak baretzea "arazoak" konpondu ahal izateko.

"Garai zailak bizi ditugu", gaineratu du Schulzek. Besteak beste, epe motzean eta luzean arazoak konpontzeko egin beharreko ahalegina izan dute bi ordezkariek hizpide bileran.

Datozen asteetan konponbide bat aurkitu ondoren eman beharreko pausoak ere mintzagai izan dituzte, eta Europar Batasunak gazteen artean langabezia-tasa murrizteko duen funtsaz ere aritu dira, Greziak horren premia baitu.

Jean-Claude Junckerrekin bilera

Bilera horren ostean, Jean-Claude Juncker Europar Batasuneko presidentearekin elkartu da Alexis Tsipras. Greziaren egoera "larria" dela onartu dute bi agintariek, eta Eurotaldearen elkarrizketetan "aurrerapauso azkarrak" ezinbestekotzat jo dituzte.

Alexis Tsipras Claude Juncker EFE

Junckerrek eta Tsiprasek Europako funtsak hobeto erabiltzeko konpromisoa hartu dute, horiekin Greziaren hazkundea ere bultzatzeko. Greziako Gobernuak lantalde bat sortuko du laguntza horiek kudeatzeko, eta Bruselarekin elkarlanean arituko da. Junckerrek Valdis Domvrovskis Eurotaldeko presidenteordea izendatu du lan hori aurrera eramateko.

"Egoera larria dela onartu dute, eta alde guztiek aurrerapen azkarrak egitea ezinbestekoa dela onartu dute", esan du Margaritis Schinas Europako Exekutiboko bozeramaileak. "Junckerren eta Tsiprasen arteko elkarrizketan Greziako ekonomian eragina duten puntu guztiak aztertu dituzte", azaldu du.

Europak ez du eperik jarri, baina otsailaren 20ko akordioak Greziaren erreskatea lau hilabetez luzatzea aurreikusten duela gogoratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Greziako albisteak