Mundua -

Siria

Dagoeneko 4 urte irauten duen Siriako gerrak 200.000 hildako utzi ditu

Halaber, gatazkak 3,8 milioi errefuxiatu baino gehiago eta 7,6 milioi desplazatu baino gehiago eragin ditu.

Siria. Artxiboko irudia: EiTB
Siria. Artxiboko irudia: EiTB
Lau urteko gatazka Sirian, eta konponbidea urruti

2:06

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur lau urte bete dira Siriako gerra hasi zenetik eta denbora horretan 200.000 hildako baino gehiago izan dira, NBEk urrian kaleratutako datuen arabera. Gainera, gatazkak ia 4 milioi errefuxiatu eta 7,6 milioi desplazatu eragin ditu. Lau urte igaro dira, baina oraindik ere gatazkaren amaiera urrun ikusten da.

Hildakoen kopurua etengabe haziz doa eta irabazi asmorik gabeko hainbat erakundek emandako datuen arabera, dagoeneko 220.000 lagunetik gora hil dira Siriako gerran. Errefuxiatuei dagokionean (3,8 milioi), horietatik erdiak haurrak, hainbat herrialdetan banatuta daude: Turkian, 1,7 milioi pertsona baino gehiago; Libanon, 1,2 milioi pertsona; Jordanian, 622.000 pertsona; Irakeko Kurdistanen, 250.000 pertsona; eta Egipton, 136.000 pertsona. Halaber, 4,8 milioi siriar baino gehiago bizi dira setiatutako edo sarbide oso zaila duten tokietan.

Bachar Al Assad presidente siriarraren kontrako altxamendua 2011ko martxoan hasi zen, lehenik, hegoaldeko Deraa probintzian eta gero, beste toki batzuetan. Azkenean, gatazka herrialde osora zabaldu zen.

Hasiera batean siriarren arteko gerra zibila zirudiena (aurrez aurre, Al Assaden erregimena eta matxinoak), borroka konplexu bilakatu zen, batez ere, miliziano atzerritarrak gudan parte hartzen hasi zirenean. Izan ere, atzerritarrak Al Qaedari lotutako Al-Nusra Frontera (2012ko urtarrilean sortua) edota Estatu Islamikora (2013ko apirilean operatzen hasi zena) batu dira.

Al Assaden erregimenaren alderdian, Hizbulak eta gobernu irandarrak borrokalariak bidali zituen Siriara bertako Gobernuari babesa emateko.

2011ko martxoaren 15a eta 20a bitartean jazotako protesten ondotik, Bashar Al Assad presidente siriarrak nazioaren aurrean martxoaren 30ean egin zuen hitzaldian konspirazioa salatu zuen.

Uda horretan, Riad Al Asad Siriako Armadako koronelak desertatu egin zuen eta Siriako Ejertzito Librearen (ELS) sorrera iragarri zuen. Gainera, Siriako oposizio politikoak Siriako Kontseilu Nazionala sortu zuen.

Urtea amaitu aurretik, AEBk eta Europar Batasunak (EB) Siriaren kontrako zigorrak iragarri zituzten eta, era berean, Liga Arabiarrak Siria kanporatu zuen.

2012ko maiatzaren 7an hauteskunde legegileak egin ziren Sirian, zeinari oposizioak boikota egin zion, eta Bachar Al Assad nagusitu zen.

2013an Nazio Batuen Erakundearen txosten batek Sirian arma kimikoak erabili zirela berretsi zuen, eta urte bereko abuztuaren 21ean 1.400 pertsona hil ziren erasoan sarin gasa erabili zenaren froga "argiak eta sendoak" aurkitu zituen NBEk. Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak txosten batean baieztatu zuenez, Damasco hiriko hiru ospitaletan produktu neurotoxikoekin kutsatutako 3.600 pertsona inguru artatu zituzten eta horietatik 355 hil egin ziren. Hilabete batzuk geroago, NBEko behatzaileek eta Arma Kimikoak Debekatzeko Erakundeak gidatutako misioak erregimen siriarren arma kimikoak desegin zituen.

Urte berean, Barack Obama presidente estatubatuarrak Siriako oposizioari armak bidaltzeko baimena eman zuen.

2014 hasieran, Siriako Gobernuak eta oposizioak bi negoziazio erronda egin zituzten, baina ez zen aurrerapauso nabarmenik izan. Urtearen erdi aldera, Al Assad presidente berrautatu zuten.

Gerraren garapenari dagokionez, Estatu Islamikoak (EI) kalifatoa aldarrikatu zuen 2014ko ekainaren 29an, Alepotik (Siria) eta Diyalara (Irak) hedatzen zena. Bestalde, nazioarteko komunitateak Siriaren kontrako erasoak hasi zituen, zehatz-mehatz esateko, AEBk eta herrialde aliatuek (Saudi Arabia, Arabiar Emirerri Batuak eta Jordania) Estatu Islamikoaren posizioen kontrako aire erasoak hasi zituzten. Egun batzuk geroago, urriaren 1ean, nazioarteko komunitatearen hegazkinen Kobani inguruak bonbardatu zituzten (Turkiarekin muga egiten duen gune kurdua), Estatu Islamikoaren aurrerapenak eragozteko. Azkenean, 2015eko urtarrilaren 26an kurduek Estatu Islamikoa kanporatu eta Kobaniren kontrola berreskuratu zuten.

Gerrak sufrimendu eragin du herrialdean, bereziki, zibilen artean; izan ere, 12,2 milioi siriarrek premiazko giza laguntza behar dute bizirauteko. Dena den, oraingoz ez da gerraren amaiera hurbil ikusten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko azken berriak Gerra Siria Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Siria gaur Ekialde Hurbila