Mundua -

Egipto

Egiptoko Poliziak Aynad Misr talde terroristaren buruzagia hil du

Poliziaren eta segurtasun indarren aurkako 26 eraso antolatu izana leporatu diote Hamam Mohamed Atiyari. Atentatu gehienak Kairon izan ziren.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aynad Misr (Egiptoko Soldaduak) talde terroristaren buruzagi Hamam Mohamed Atiya hil egin du Egiptoko Poliziak, Egiptoko Barne Ministerioak jakinarazi duenez. Operazioa Kairoko Al Harameko auzoan izan da.

Poliziaren eta segurtasun indarren aurkako 26 eraso antolatu izana leporatu diote Atiyari. Atentatu gehienak Kairon izan ziren.

2013ko uztailean Mohamed Mursi presidentea boteretik bota zuen Estatu-kolpearen ostean sortu zuten Aynad Misr talde terrorista. Segurtasun indarren aurka hiriburuan izandako atentatu anitz bere gain hartu ditu talde horrek.

Aynad Misr talde terroristen zerrendan sartzeko agindu zuen maiatzean Kairoko epaitegi batek.

Barne Ministerioak zabaldutako agiriaren arabera, Ansar Beit al Maqdis talde terroristaren burua ere zen Atiya. Talde horrek izenaz aldatu zuen, eta azaroaz geroztik Wilayat Sina deitzen da, Estatu Islamikoari leialtasuna hitzeman ostean.

Hala ere, talde hori 2013an desegin zen, eta Aynad Misr sortu zuten.

Ministerioaren oharrak dioenez, atxiloketaren unean tiroketa jazo da, eta Atiya bertan hil da.

Operazioan hainbat material atzeman dute: metraileta bat, pistola bat, lau lehergailu, bonbak egiteko materiala, 76.875 libra egiptoar (10.000 dolar inguru) eta ordenagailu bat. Mursiren aurkako kolpe militarren ondorioz, indar armatuen aurkako erasoak areagotu ziren. Anai Musulmanak talde ultrakontserbadorearen buru zen Mursi, eta talde terrorista ere izendatu zuten geroago alderdi hura.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Atentatuak Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Azken ordukoa Kairo Ekialde Hurbila