Mundua -

Bake prozesua

FARCek gutxienez 10 militar kolonbiar hil ditu eraso batean

Gerrillariek esan dute Kolonbiako Gobernuaren "inkoherentziaren" ondorio dela erasoa, "operazio militarrak egiten ari delako su-etenean dagoen gerrilla baten kontra".

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

FARCek gutxienez 10 militar kolonbiar hil eta beste sei zauritu ditu Cauca departamentuan, herrialdearen hego-ekialdean, iturri ofizialek jakitera eman dutenez.

Hildakoak bederatzi soldadu eta azpiofizial bat dira, Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileen erasoa pairatu dutenak.

FARCek abenduaren 20ean aldebakarreko su-eten mugagabea deklaratu zuenetik izan den eraso bortitzena da gaurkoa. 2012ko azarotik Habanan Gobernuarekin egiten ari diren negoziazioen baitan aldarrikatu zuen FARCek su-etena.

Gainera, Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak FARCen kanpalekuen kontrako bonbardaketak bertan behera uzteko neurria 30 egunez luzatuko zuela iragarri eta astebetera izan da erasoa.

Gobernuaren "inkoherentziarengatik"

FARCek adierazi du Kolonbiako Gobernuaren "inkoherentziaren" ondorio dela erasoa, "operazio militarrak egiten ari delako su-etenean dagoen gerrilla baten kontra".

Felix Antonio Muñoz Lascarro Pastor Alape buruzagi gerrillaria "kezkatuta" agertu da, hala ere, gertakariengatik.

"Segada bat, kontrasegada bat edo eraso hutsa izan, berdin du, garrantzitsuena da kolonbiar batzuk hil direla, eta gelditu beharra dagoela. Ezin da ulertu bake prozesuan gerrillak su etena aldarrikatzen duenean, gerrilla horren kontrako operazioak egitea", berretsi du Alapek.

Alape da Kolonbiako Gobernuarekin negoziatzen ari den gerrillari nagusietako bat, eta dolua helarazi nahi izan die hildakoen senideei, baina gogoeta egiteko exijitu du, gerra gelditzeko eta su-etena aldebikoa izan dadin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea