Mundua -

Lurrikara

Nepal erlojuaren kontra lanean ari da bizirik atera direnak aurkitzeko

Baliteke 10.000 hildako baino gehiago izatea. Kaltedunen artean gutxienez 57 euskal herritar daude, 25 EAEkoak, 15 Nafarroakoak eta 17 Ipar Euskal Herrikoak.

Nepalen 5.000tik gora dira hildakoak, eta 10.000 zauritutakoak

1:30

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lurrikaratik bizirik atera diren pertsonak bilatzeko erlojuaren aurka lanean ari da Nepal bere baliabide eskasekin. 5.000 pertsona baino gehiago hil dira dagoeneko eta zortzi milioi kaltedun utzi ditu lurrikarak. Bien bitartean, nazioarteko laguntza banatzen hasi dira eta bakarturik geratu diren mendialdeetara heltzen saiatzen ari dira.

Hiru dolu-egun izango dira Asiako herrialdean. 5.057 hildako, 10.915 zauritu eta 454.769 desplazatu utzi ditu lurrikarak, Larrialdietarako Zentro Nazionalak eskainitako azken zenbaketaren arabera.

Hondamendi Kasuetako NBEren Ebaluazio eta Koordinazio Taldeak (UNDAC) ohartarazi duenez, hondakinen artean bizirik dauden biktimak aurkitzeko denbora amaitzen ari da.

Larunbatean Nepal astindu zuen lurrikarak gutxienez 8 milioi kaltedun utzi ditu herrialdean, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) ohartarazi duenez.

"Azken kalkuluen arabera, 8 milioi kaltedun daude 39 barrutitan; horietatik, bi milioi 11 barruti kaltetuenetan bizi dira", zehaztu du.

Hildakoen kopurua 10.000ra hel daitekeela ohartarazi du Sushil Koirala lehen ministroak. Gainera, 450.000 pertsona euren etxebizitzetatik mugitu behar izan dira, sismoak eragindako kalteengatik.

Erreskate lanak egiteak zaila izaten jarraitzen du eguraldi txarraren ondorioz eta herrialdeak hondamendiak eskatu duen neurriko erantzuna emateko gaitasuna ez duelako izan, hondakinen artean bizirik jarraitzen duten herritarrak erreskatatzeko denbora agortzen ari den honetan.

Kaltedunen artean gutxienez 57 euskal herritar daude, 25 EAEkoak, 15 Nafarroakoak eta 17 Ipar Euskal Herrikoak. Horietako batzuek dagoeneko lortu dute Nepaletik ateratzea.

Orotara, Espainiako Gobernuak espainiar nazionalitatea duten 127 pertsona ebakuatu ditu New Delhira. Zenbaki horri euren kabuz herrialdetik alde egitea lortu dutenen kopurua gehitu behar zaio. Adibidez, Alonsotegiko lau bizilagun eta Gasteizko bi atzo goizean atera ziren Nepaletik, hegazkinez.

Dena dela, oraindik ere 103 pertsona desagertuta daudela ohartarazi du Jose Manuel Garcia Margallo Atzerri ministroak. Antza denez, ez dago euskal herritarrik horien artean.

Lehenengo dardaren osteko 72 orduetan, Nepalgo Zentro Sismologiko Nazionalak Ritcher eskalan 4. mailan gainditu duten 98 errepliken berri eman du, eKantipur web gunearen arabera. Erreplika horietako bi 6. maila ere igaro dute.

Kaosa Katmandun

Testuinguru horretan, milaka pertsona Katmandutik ihes egiten saiatzen ari dira, hiriburua kaosa eta suntsipena baita nagusi.

Hainbat autobus ari dira herritarrak ebakuatzen, eta askok sabaietan ere daramatzate bidaiariak.

Lurrikarak New Parkeko autobus geltokia suntsitu du, baina, hala ere, hiriburutik ateratzeko erreferentzia da oraindik.

Erreskate eta bilaketa taldeak, Katmandun. Irudia: EFE

Erreskate eta bilaketa taldeak, Katmandun. Irudia: EFE

Une honetan, batik bat errepliken beldur dira Nepalen, 40tik gora izan baitira larunbatetik.

Egoera horren aurrean, herritar asko oinez ere saiatzen ari dira herrialdetik alde egiten.

Gobernuaren lehentasunak erreskateak bideratzea, errepideak garbitzea eta argindarra berreskuratzea dira, eta baliabide guztiak mobilizatu ditu zeregin horietarako.

Nepalen 80 urtean izandako lurrikara indartsuena izan da larunbatekoa, eta eskualde osoan azken hamarkadan jazotako tragikoena. Duela hamar urte, 84.000 pertsona hil ziren Kaxmirren, dardara baten ondorioz.

Everest, "hutsik"

Everesteko 1 eta 2 zenbakiko kanpalekuan atera ezinik jarraitzen zuten dozenaka alpinista atera dituzte dagoeneko, beheko kanpamentuan dauden beste mendizale batzuek jakinarazi dutenez.

Hiru helikopteroren bidez eraman dituzte mendiaren magaletik kanpo, 2. kanpalekuan zeudenak 1.ra jaitsi ziren. Guztira, 170 eskalatzaile atera dituzte, bi taldetan.

Everesteko kanpalekuetako bat. Irudia: EiTB

Everesteko kanpalekuetako bat. Irudia: EiTB

350 bat eskalatzaile atzerritar eta 700 bat bertoko sherpa zeuden Everesten sismoa gertatu zenean. 22 bat pertsona hil ziren beheko kanpamentua hartu zuen elur-jausi baten ondorioz.

Nick Cienski kanadarraren arabera, itzuli diren asko konturatu dira euren gauza guztiak elurpean geratu direla. "Horietako asko ez dute kanpadendarik, ezer ez, dena dute glaziarrean sakabanatuta", esan du Cienskik Facebooken argitaratutako bideo batean.

"Orain duten gauza bakarra da helikopteroan soinean eramaten zutena, motxiletan", gaineratu du.

NBEren laguntza

NBEk laguntza humanitarioaz hornitu egingo ditu 1,4 milioi kaltedun, baina antza ez da hondamendiak eragindako beharren mailan egongo, aurreikusi baitute 1,3 haurrek berehala behar dutela.

"Elikagaien Nazioarteko Programak (Nazio Batuen Erakundeak laguntza humanitariora zuzendutako atalik handiena) elikagaiak behar dituzten 1,4 milioi pertsonari laguntza humanitarioa helarazi nahi die", esan du Elizabeth Byrs bozeramaleak.

Laguntza humanitarioa Pakistanetik irteten, igandean. Irudia: efe

Laguntza humanitarioa Pakistanetik irteten, igandean. Irudia: EFE

Gainera, operazioa zaila izango dela ohartarazi du, herrialdeko orografiagatik.

Ginebran, NBEren agentzia humanitario nagusien ordezkariek egindako prentsaurreko batean, Cristophe Boulierac UNICEFeko bozeramaleak esan du "1,3 milioi umek berehala" behar dutela laguntza humanitarioa.

Horietako asko, azaldu duenez, landa guneetan daude eta han "oraindik ez dituzte kalteak zenbatu".

Nepalen 30 milioi pertsona bizi dira eta horien % 40 adin txikikoak dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lurrikara Nepalen