Mundua -

Erreferenduma Grezian

Greziako erreferenduma ulertzeko gakoak

Zer da greziarrek erabaki behar dutena? Zein da kontsultan erantzun behar duten galdera? Nor dago zeren alde? eitb.eus-ek ZUZENEAN jarraituko du igandeko kontsulta.

Grezia
Grezia
Grezia

I.G. | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

-         Zer da greziarrek erabaki behar dutena?

Hamaika milioi herritar deituta daude boza ematera. Hartzekodunek proposatutako neurriak onartzen dituzten ala ez erabaki behar dute greziarrek igandeko erreferendumean. BEZa igotzea eta pentsioak murriztea dago hartzekodunen proposamenaren oinarrian. ‘Nai’ (Bai, onartzen ditut) ala ‘Oxi’ (Ez, ez ditut onartzen) bozkatu beharko dute.

-         Zein izango da galdera’

Galdera honi erantzun beharko diote greziarrek: Europar Batzordeak, Europako Banku Zentralak eta Nazioarteko Moneta Funtsak ekainaren 25eko eurotaldean aurkeztutako proposamen egitasmoa onartu behar al dugu?

-         Noiz emango dute emaitzen berri?

Lehen datu fidagarriak hauteslekuak itxi eta ordubetera iritsiko dira, hau da, Euskal Herriko 20:00ak aldera. Hala ere, orduan beharko dira behin betiko datuak ezagutu ahal izateko.

-          Gutxieneko parte-hartzea

Datuak lotesleak izateko, gutxienez herritarren % 40k parte hartu beharko dute.

-          Nortzuek eman dezakete bozka?

Hautesle errolda eta hauteslekuak urtarrilaren 25eko hauteskundeetako berdinak izango dira. Militarrentzat, polizientzat edota presoentzat zentro bereziak irekiko dituzte. Hauteslekuek 7:00etan irekiko dituzte ateak, eta 19:00etan itxiko.

-          Zer diote inkestek?

Erreferenduma egiteko 48 ordu falta direnean, baiezkoak irabaziko luke Grezian, alde txikiarekin hala ere. Alco institutuaren arabera, greziarren % 44,8k baietz bozkatuko lukete; % 43,3k, berriz, ‘ez’ bozkatuko dute. Botoa erabaki ez dutenen portzentajea % 12an kokatu da.

-         Zein da Greziaren egungo egoera?

Ekainaren 30etik 'default' egoeran dago herrialde heleniarra, ez baitzizkion Nazioarteko Diru Funtsari zor dizkion 1.500 milioi euroak ordaindu. Hirugarren erreskate bat negoziatzeko harremanak etenda daude nazioarteko hartzekodunen eta Atenasen artean. Christine Lagardek zuzentzen duen erakundeak aitortu berri duenez, Greziak 50.000 milioi euro behar ditu 2015-2018 urteen artean, hortaz, hartzekodunek aurkeztutako proposamenean jasotakoez gain, Europako bazkideek beste 36.000 milioi euro eman beharko lituzkete. Hala, Nazioarteko Diru Funtsaren arabera, Greziaren zorra "eutsiezina" da.

-         Grezia, zatituta

Grezian, Demokrazia Berria alderdiak, Pasokek (sozialistak) eta To Potamik (liberalak) egin dute igandeko erreferendumean 'bai' bozkatzearen alde.

Horrez gain, enpresaburuen elkarte batzuek eta gizarte talde zenbaitek babestu dute aukera hori.

Syrizaren baitan dauden desadostasunak gorabehera, Alexis Tsipras Greziako lehen ministroa eta Greziako gobernua dira "ezetz"aren defendatzaile sutzuenak. Alderdiak aukera horren alde egin du ofizialki, Syrizaren sektore batek hartzekodunekin akordioa lortzea hobetsi duen arren. Ezkerreko alderdiaren gertuko sindikatuek, Greziako muturreko ezkerrak eta Greziako independenteek ere "ez" bozkatuko dutela agertu dute.

-        Emaitza mahai gainean, zer gertatuko da?

Greziak "bai" bozkatzen badu, Alexis Tsiprasek dimisioa emango du eta hartzekodunekin akordioa lortzen saiatuko den batasun nazionaleko gobernua eratuko du. Hauteskundeak deitu beharko ditu Tsiprasek, eta baliteke horietan ere Syriza izatea garaile.

Ezezkoak irabazita, Syriza hartzekodunekin egiten ari diren negoziazioetan izandako jarrera babestuko lukete Greziako herritarrek. Aditu batzuen arabera, Eurogunetik ateratzeko aukera gertuago edukiko luke Greziak, baina Tsiprasek esana du hori ez dela mahai gainean duten aukera.

 

eitb.eus-ek ZUZENEAN jarraituko du igandeko kontsulta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa gaur Gaurko azken minutuko albisteak Europar Batasuna NDF Greziako albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Europako Banku Zentrala