Mundua -

Krisia Grezian

Varoufakisek dimisioa eman du

Greziako Gobernuak eta nazioarteko hartzekodunek akordioa lortzea errazteko utzi du kargua Finantza ministroak, eta Tsakalotosek hartuko du bere tokia.

Tsipras, negoziatzeko prest; Varoufakisek, dimisioa

1:33

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Yanis Varoufakis Greziako Finantza ministroak dimisioa eman du, Exekutiboak eta nazioarteko hartzekodunek akordioa lortzea errazteko, bere blog pertsonalean iragarri duenez.

"Erreferendumaren emaitzak jakinarazi eta gutxira, esan zidaten Eurotaldeko hainbat kidek ni negoziazioetatik kanpo geratzea nahi dutela, eta [Alexis Tsipras] lehen ministroak uste du ideia hori erabilgarria izan daitekeela. Horregatik, Finantza Ministerioa utzi dut", azaldu du.

Dena dela, "eskubide demokratikoen aldeko borroka guztiekin gertatu bezala, ezetzak kostu handia" ekarriko duela ohartarazi du. "Horregatik, ezinbestekoa da gure Gobernuari emandako kapital handia akordio bat lortzeko bideratzea, zorra berregituratzeko, austeritate gutxiago izateko, behartsuenei laguntzeko eta benetako erreformak egiteko".

"Nire zeregina Tsiprasi laguntzea da, greziarrek emandako kapitala ustiatzeko; harro jasango dut nazioarteko hartzekodunen gorrotoa", gaineratu du.

Nabarmendu duenez, "ezkertiarrok badakigu nola jokatu elkarrekin; babes osoa emango diet lehen ministroari, hurrengo Finantza ministroari eta gure Gobernuari".

Varoufakisen dimisioa ez da igandeko erreferendumak eragindako lehena. Izan ere, Antonis Samaras lehen ministro ohi eta Demokrazia Berria oposizioko alderdi kontserbadorearen buruak ere utzi du kargua, baina beste arrazoi bat tarteko: baietzaren aldeko kanpaina egin zuen, eta ezetzak aise irabazi du.

Tsakalotos, ordezko

Euclidis Tsakalotosek, hartzekodunekin negoziatzeko taldearen koordinatzaile eta Atzerri ministro ordeak, hartuko du Varufakisen Finantza ministro kargua, Errepublikako Presidentziak jakitera eman duenez.

Tsakalotosek 19:00etan egingo du karguaren zina. Bruselasekin abiatutako negoziazioak zuzentzen ari zen apiriletik, Tsiprasek Varufakis lehen lerrotik kendu zuenetik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Greziako berriak