Mundua -

Bosnia-Herzegovina

Srebrenicako genozidioan hildakoak oroitu dituzte Bosnia-Herzegovinan

Lehendabiziko aldiz Serbiako Gobernuko buruzagi batek parte hartu du oroimen ekitaldian, eta bertaratutakoek txistu artean hartu dute.

Srebrenicako sarraskian hildakoak oroitu dituzte Bosnia-Herzegovinan. Argazkia: EiTB
Srebrenicako sarraskian hildakoak oroitu dituzte Bosnia-Herzegovinan. Argazkia: EiTB
Ekitaldi hunkigarria Srebenicako sarraskiaren 20. urteurrenean

1:46

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bosnia-Herzegovinak duela 20 urte gertatutako Srebrenicako genozidioa gogoratu du larunbat honetan, Bigarren Mundu Gerraz geroztik Europan gertaturiko sarraski handienetzat jo izan dena. Tropa serbiar-bosniarrek 8.000 bosniar musulman hil zituzten Srebrenican.

Gaurko oroimen ekitaldian 50.000 lagun baino gehiagok parte hartu dute, tartean, 90 herrialdeetako eta nazioarteko erakundeetako goi ordezkariek. Ekitaldia Srebrenicatik gertu dagoen Potocariko Memorialean egin dute eta, lehen aldiz, bertan izan da Aleksandar Vucic Serbiako gobernuburua.

Irteeran txistu artean hartu dute Serbiako gobernuburua eta zenbaitek hainbat objektu ere bota dizkiote. Klix Bosniako agerkari digitalak berri eman duenez, harri batek buruan jo du Vucic. Halaber, bertako hedabideen esanetan, gizon bat atxilotu dute Vucici eraso egitea egotzita.

Gertaera jazo den unean, Husein Kavazovic kleriko musulmanak "duintasuna" izateko eta beren arreta gaur lurperatuko dituzten biktimengan jartzeko eskatu die erasotzaileei.

Vucic izan da oroimen ekitaldian parte hartzen duen lehendabiziko Serbiako gobernuburua, halaber, duela 20 urte gertatutakoa gaitzetsi eta "hilketa izugarritzat" jo du.

Ez da Serbiak hilketa aitortzen edota barkamena eskatzen duen lehen aldia, baina behin eta berriz ukatu du gertaturikoa genozidioa izan zela.

Duela bi egun, Serbiaren aliatua den Errusiak Srebrenicako hilketari genozidio izaera aitortzen zuen ebazpen bati betoa ezarri zion Nazio Batuen Erakundean.

Srebrenicako genozidioa

1995eko uztailaren lehen egunetan, eta hiru urtean setiatu ostean, militar serbobosniarrek, Ratko Mladic jeneralaren agintepean, Srebrenicako hiria hartu zuten. Nazio Batuetako misioak "gune segurutzat" izendatuta zuen Srebrenica. Herbeheretako "kasko urdinek", Thomas Karremans teniente koronelaren agintepean, adostu zuten Mladic jeneralarekin Potocariko kuarteletik irtengo zirela; bertan milaka musulman bosniar zeuden, militar holandarren babesaren bila joan izanak.

Mladicek eta Karremansek xanpainarekin topa egin ostean (famatua izan zen topa hori), militar serbobosniarrek adin militarrean zeuden gizonak alde batera jarri zituzten, emakumeak eta adinekoak Tuzla udalerrira autobusez eraman zituzten, eta sarraskia hasi zuten. Mladicen gizonek 8.000 bat gizonezko bosniar hil zituzten egun gutxian eta gorpuak hilobi arruntetan lurperatu zituzten; Srebrenicako inguruan dauden mendietan ere hainbat lurperatu zituzten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea