Mundua -

Kolonbia

FARCen kanpamentuak bonbardatzeari uztea agindu du Santos presidenteak

Gerrillak duela astebete iragarri zuen su-eten aldebakarraren ostean etorri da Santosen erabakia. Su-eten hori uztailaren 20an jarri zen indarrean.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileen (FARC) kanpamentuen aurkako aire bidezko bonbardaketak etetea agindu du. Erabaki hori Habanan egiten ari diren bake-elkarrizketetan lortutako akordio baten parte da, presidenteak berak Twitter bidez jakinarazi duenaren arabera.

"Erakunde horretako kideak dauden kanpamentuen aurkako airezko bonbardaketak gaurtik aurrera eteteko agindua eman dut", baieztatu du agintariak. Beste hau ere azpimarratu du: "Hemendik aurrera, mota horretako bonbardaketak presidentearen berariazko aginduz besterik ez dira egin ahal izango".

Santosen agindu hori gerrillak duela astebete iragarri zuen su-eten aldebakarraren ostean etorri da. Su-eten hori uztailaren 20an jarri zen indarrean; horren aurrean, Gobernuak bere ekintza militarrak murrizteko konpromisoa hartu zuen.

Hala ere, airezko bonbardaketen beste etete batzuekin alderatuz gero, Santosek bere erabakia baldintza jakin batzuk betetzera mugatu du oraingoan, Caracol Radio irrati-kateak jakitera eman duenez.

Baldintza horien artean daude, besteak beste, kanpalekuak hiriguneetatik aldenduta egotea, ez izatea mehatxu bat herritarrentzat, ez jartzea arriskuan inongo azpiegiturarik eta ez egitea "jarduera proseletistarik".

Aipatutako agindurekin, Santosek FARCekin adostutako ekintza militarren "murrizketa"ren parte bat betetzen du. "Gatazka murrizteak esan nahi du sua pixkanaka itzaltzen joatea", azaldu du Santosek. "Horrek zera adierazten du: hildako gutxiago, sufrimendu gutxiago eta biktima gutxiago", azpimarratu du.

Habanan egiten ari diren bake-elkarrizketen esparruan, FARC eta Juan Manuel Santosen Gobernua 200.000 hildako baino gehiago eragin dituen gatazkako biktimen ordainbidea eztabaidatzen ari dira. Behin bake-akordioa sinatuta, ikerketa-batzorde bat eratzea onartu dute alderdi biek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea