Mundua -

Grezia

Traizioagatik demandatu dute Varoufakis

Auzitegi Gorenaren Fiskaltzak Yanis Varoufakis Finantza ministro ohiaren aurkako demanda bat igorri dio Greziako Legebiltzarrari.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Gorenaren Fiskaltzak Yanis Varoufakis Finantza ministro ohiaren aurkako demanda bat igorri dio Greziako Legebiltzarrari, hartzekodunekin negoziatzean izandako jarreragatik. Haren aburuz, "goi-mailako traizio" delitua izan daiteke.

Ganberak orain ebaluatu beharko du Varoufakisen egintzak Finantza ministro karguaren mugen barruan egon baziren ala diputatuari ikerketa irekitzeko arrazoi nahiko ote dauden. Horrela izanez gero, immunitate parlamentarioa kenduko liokete.

Demanda abokatu batek eta kostaldeko herri txiki bateko alkate batek aurkeztu dute, ministro ohiak ustez prestatutako B plan bati buruzko agerpenak argitaratu aurretik.

Izan ere, demanda jarri dutenek uste dute Varoufakisek goi-mailako traizioa egin zuela negoziaketetan zehar izan zuen jarrerarekin, hauteskundeak eta gero herriak emandako manamendua urratu zuelako. Manamendu horren funtsa hartzekodunekin negoziatzea zen, herrialdea atzeraldi ekonomikotik ateratzeko asmoz.

Legebiltzarrak lehendabiziko demanda horri buruz eztabaidatzen duen bitartean, bost abokatuz osatutako talde batek beste akusazio-agiri bat prestatzen dihardu. Bigarren akusazio hori azken agerpenei buruzkoa da, datu pertsonalak ezagutarazteko delitua egon baitaiteke tartean.

Aipatu akusazioan, asteburu honetan Kathimerini egunkari kontserbadore greziarrak plazaratu duen elkarrizketari, Varoufakis eta arrisku funts batzuetako kideen artean izandakoari, egiten zaio erreferentzia. Informazio horren arabera, Finantza ministro ohiak bankuen itxieraren aurrean B plan bat landu izana ziurtatzen du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Greziako berriak