Mundua -

MH370 hegaldia

Reunion aurkitutako hegazkinaren hondarrak aztertuko dituzte Frantzian

239 bidaiari zeramatzala, duela urtebete desagertutako Malaysia Airlineseko 777 Boeing hegazkinaren hondarrak diren argitu beharko du hainbat adituk osatutako talde batek.

Hegazkin baten hondarrak aurkitu dituzte aste honetan Reunion uhartean. Argazkia: EiTB
Hegazkin baten hondarrak aurkitu dituzte aste honetan Reunion uhartean. Argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aste honetan Reunion uhartean aurkitutako hegazkinaren hondarrak jaso ditu larunbat honetan Parisek. 239 bidaiari zeramatzala, duela urtebete baino gehiago desagertutako Malaysia Airlineseko 777 Boeing hegazkinaren hondarrak diren argitu beharko du hainbat adituk osatutako talde batek.

Indiako Ozeanoaren mendebaldeko irla horretan 'flaperon' izeneko hondar bat aurkitu zuten duela hiru egun: hegal batean kokatuta dago, eta aleroi eta azal-hegal bezala funtzionatzen duen kontrol-azalera bat da.

MH370 hegazkinaren inguruko enigma berriro piztu zen joan den asteazkenean, Johnny Berge Reunion uharteko hondartzaren garbitzaileak hondar hori aurkitu zuenean, eta egun bat geroago, apur bat hondatutako maleta bat.

'Flaperon' izeneko azalera hori Tolosara eraman dute, Defentsa Ministerioaren mendean dagoen DGA TA laborategira, hain zuzen ere. Hegazkin-istripuekin lotutako ikerketa teknikoetan aditu da laborategi hori.

Hala ere, adituaren ikerketa ez da asteazkenera arte hasiko, aditu guztiek bertara heltzeko astirik nahikoa izan dezaten.

Azterketa hainbat lagunen aurrean egingo dute, tartean, Aire-Garraioaren Jendarmeriaren ikerketa alorreko instrukziozko epaile bat, BEA Ikerketarako eta Azterketarako Bulego frantziarraren kideetako bat, aeronautikan aditu den malaysiar bat, eta Malaysiako epaile bat.

Gauzak horrela, serie-zenbakia aztertuko dute, eta edozein elementuren bila arituko dira, hegazkinak airean eztanda egin zuen edo zuzenean uraren aurka talka egin zuen ebatzi ahal izateko.

Warren Truss Australiako Garraio ministroak esan duenez, litekeena da aurkitutako hondarrak Malaysiako hegazkinarenak izatea, baina nekez aurkituko dira hegazkin horren hondar gehiagorik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Hegazkin istripuak gaur