Mundua -

Immigrazioa

EBk 20 milioi euro emango ditu Calaiseko krisiari aurre egiteko

Dimitris Avramopoulos Immigrazioko europar komisarioaren aburuz, Cailaseko egoera "elkartasun gehiago beharrezkoa dela adierazten duen beste adibide nabarmen bat da".

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasunak (EB) atzo jakitera eman zuenez, 20 milioi euro bideratuko dizkio berehala Frantziari Europako funts batetik, Calaiseko migrazio-krisia kudeatu ahal izan dezan; horrez gain, Paris eta Londresi eskaini diezaiokeen laguntza teknikoaren nondik norakoak azaldu zituen.

Dimitris Avramopoulos Immigrazioko europar komisarioak egin zituen adierazpenetan, positiboki balioetsi zuen bi herrialdeen artean ematen ari den elkarlana, eta Europar Batasunak laguntza eskaini diezaiekeela azpimarratu zuen. Ildo horretatik, Asiloari Laguntzeko Europako Bulegoak (EASO) Parisi eta Londresi asilo-eskabideak bideratzen lagundu ahal diela azpimarratu zuen.

Gainera, Europar Batasuneko Estatuen Kanpoko Mugak Kontrolatzeko Europako Agentziak (Frontex) immigranteak identifikatzen eta erregistratzen lagun diezaiekeela aipatu zuen, baita honako hauek egiten ere: jatorrizko eta bitartezko herrialdeekin lankidetzan aritzea, itzulerako bidaia-dokumentuak azkarrago emateko asmoz, eta itzulketa operazio bateratuak koordinatzea eta finantzatzea.

Testuinguru horretan, Europar Batasunak Frantziari 20 milioiko laguntza emango ziola jakinarazi zuen. Laguntza hori Asilo, Migrazio eta Gizarteratzeko Funtseko (AMIF) lehendabiziko atalari dagokio.

EBk dagoeneko aitortu dio Erresuma Batuari 27 milioi euroko aurrefinantzaketa kontzeptu beragatik.

Funts horiei honako hauek gehitu behar zaizkie: AMIF barruan Frantziari bideratutako 266 milioi euro eta Erresuma Batuarentzat 2014-2020 aldirako gordetako beste 370 milioi.

Avramopoulosen arabera, Caiaiseko egoera "Europako migrazio-presioari aurre egiteko garaian elkartasun eta erantzukizun gehiago beharrezkoa dela adierazten duen beste adibide nabarmen bat da".

"Nahitaezkoa da guztiok gehiago egitea" eta Europar Batasunak bateratuta jardun behar du muga nazionaletatik haratago doan erronkari aurre egiteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak migrazioa gaur Erresuma Batua albisteak Frantzia argazkiak