Mundua -

Aurreneko eztabaida telebistan

Benetako ordua Donald Trumpentzat

Handi-mandiaren hauteskunde-estrategia erradikalak ondorioa izan du eta, bi hilabete eskasetan, Trump kinieletan ez egotetik gainerako hautagai errepublikanoen arerio nagusia izatera pasa da.

Errepublikanoen hautagaiak telebista aurreko lehian

1:17

EFE

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hautagai errepublikanoen arteko lehen eztabaida ikuskizun-ospe batekin helduko da gaur; izan ere, nahiz eta hitzordu politikoa izan ‘reality’ bat ematen du. Probokazioek Donald Trump inkestetan lehena izatera eraman dute.

Handi-mandiaren hauteskunde-estrategia erradikalak ondorioa izan du eta, bi hilabete eskasetan, Trump kinieletan ez egotetik arerio nagusia izatera pasa da. Etorkinen aurkako mezuak behin eta berriro igorri ditu Trumpek azkenaldian.

CNNk jakitera eman dituen azken inkesten arabera, Trumpek hautesleen % 23aren babesa du, Jeb Bush Floridako gobernadore ohiak % 13rena eta Scott Walker Wisconsineko gobernadoreak % 11rena. Hala ere, hamar hautagai errepublikanok eztabaidatuko dute gaur telebistan, ez hiruk bakarrik.

Irainen bidez

Latinoen kontrako irainen bitartez –Mexikoko etorkinak jomugan- tokia egin du Trumpek. Makineria mediatikoa ondo baino hobeto ezagutzen du aberatsak, eta azken asteetan beraz etengabe hitz egitea lortu du, nahiz eta kritikatzeko izan.

Aurkariek ez dute oihartzun publikorik izan eta enpresaburuak markatu duen erritmoari egokitu behar izan dira. Trump edozelan bere helburua lortzeko prest dago.

Besteak beste, Mexikoko etorkinak “bortxatzaileak” direla esanez hautagaitza aurkeztu zuen Trumpek. Mexikoko mugan “harresi bat eraiki” behar dela erantsi zuen dirudunak. Are gehiago, AEBetako gaitz guztien jatorria Mexiko dela adierazi zuen.

Adierazpen subertsiboek polemika piztu zuten sare sozialetan, eta gogor kritikatu zituzten pertsona ospetsuek eta buruzagiek.

Galerak negozioetan

Gainera, Trumpen negozioek galera esanguratsuak izan zituzten: NBCk, Univisionek, Televisak, Macy'sek edo Jose Andres Espainiako sukaldariak Trumpekin harremanak hautsi zituzten, eta Miss Universo eta Miss USA lehiaketak boikotatu zituzten Latinoamerikako herrialde eta artista hispano batzuek.

Baina barkamena eskatu beharrean, purrustadekin aurrera jarraitu zuen aberatsak, inkestek bultzatuta. Arerio errepublikano batzuk “ergelak” zirela esan zuen Trumpek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Ameriketako Estatu Batuak argazkiak Hauteskundeak AEB albisteak Eguneko albisteak Trump gaur