Mundua -

Atentatua tren batean

Treneko tiroketaren egilearen nortasuna baieztatu du Poliziak

Erasotzailea Ayoub El-Kahzzani da, 26 urteko marokoarra. Espainiako Poliziak fitxatuta zuen, islamismo erradikalarekin lotura zuelakoan.

Ustezko erasotzailea 26 urteko "marokoar bat" da, eta Poliziak atxilotu du jada. Argazkia: EFE
Bi estatubatuarrek Paris-Amsterdam treneko terrorista menderatu dute

2:35

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Atzo, Amsterdam-Paris Thalys tren batean izandako tiroketaren egilearen nortasuna baieztatu du Poliziak. Erasotzailearen izena Ayoub El-Kahzzani da, 26 urte ditu eta marokoarra da. Espainiako Poliziak fitxatuta zuen, hain zuzen ere, islamismo erradikalarekin lotura zuelakoan.

Antza denez, treneko erasotzaileari hartutako hatz-markekl ahalbidetu dute haren identifikazioa; izan ere, Espainian bizpahiru aldiz atxilotua izan zen droga-trafikoa dela-eta. El-Khazzani zazpi urtez bizi izan zen Espainian; lehenik Madrilen eta, Algecirasen, gero. 2014an Espainia utzi eta Frantziara abiatu zen.

Espainiak atera zenean Ayoub El-Khazzaniren mugimenduen berri eman zieten segurtasun indarrek Europako polizia indar guztiei, tartean, frantziarrei. Espainiak emandako abisu horren ondorioz, Frantziako Barne Segurtasunerako Zuzendaritza Nagusiak euren artxiboetan jaso zuten susmagarriaren nortasuna, balizko talde terroristekin lotuta, alegia.

Arratsaldeko lehen orduan Bernard Cazeneuve Frantziako Barne ministroak baieztatu du erasotzailea 2014an Espainian bizitzen egon zela eta 2015ean Belgikan zegoela. Hala eta guztiz ere, ez du argitu berriki Frantziara eta Siriara bidaiatu zuen ala ez.

"Eraso terroristatzat" jo dute Belgikak eta Frantziak

Charles Michel Belgikako lehen ministroak "eraso terroristatzat" jo du atzoko tiroketa. Trenaren bidaiariek erasotzailea atxiki zuten, eta Poliziak atxilotu zuen geroago. Ustezko erasotzailea Parisera eraman dute.

"Thalys trenean izandako eraso terrorista gaitzetsi nahi dut, eta biktimei nire elkartasuna adierazi nahi diet", esan du Michelek Twitterren bitartez.

Michelek jazotakoaren inguruan hitz egin du François Hollande Frantziako presidentearekin. Tiroketa Belgikako mugan izan da, trena Frantziarako bidean zegoela, Frantziako Gobernuaren arabera.

Belgikako lehen ministroak inteligentzia eta segurtasun zerbitzuen batzorde estrategikoa deitu du berehala, mehatxu terroristaren maila baloratzeko.

Geroago, Jan Jambon Barne ministroarekin adostu ostean, Belgikan segurtasun-neurriak indartzea erabaki du Michelek. Tiroketan bi zauritu larri izan dira.

"Charles Michelek eta gainerako agintari belgiarrek harremanetan daude Herbehereetako eta Frantziako agintariekin. Lehen ministroak Hollande presidentearekin hitz egin du, eta terrorismoaren aurkako borrokan Belgikaren eta Frantziaren arteko lankidetza areagotzeko borondatea adierazi dute", esan du Frédéric Cauderlier bozeramaileak.

 

Susmagarriak bi arma zituen

Tiroketa 17:45ak aldera jazo zen atzo, Amsterdametik Frantziara zihoan tren batean. Ustezko erasotzaileak Bruselan hartu zuen trena, eta gutxienez bi su-arma (pistola bat eta Kalashnikov fusil bat) eta hainbat arma zuri zeramatzan.

Trena Arras hiri frantziarra eraman zuten, eta bertan Poliziak susmagarria atxilotu zuen.

Barack Obama AEBetako presidenteak bidaiariei "eskerrak" eman dizkie jazotakoaren aurrean erakutsitako "ausardiagatik eta arintasunagatik". Izan ere, hainbat herritarrek, bi estatubatuarrek barne, susmagarria atxiki zuten.

Lapurreta egin nahian

BFM TV telebista katearen esanetan, erasotzaileak treneko bidaiariei lapurreta egin nahi zuela adierazi du.

Gainera, atxilotuak ziurtatu egin du armak Bruselako parke batean topatu dituela, 'BFM TV'ren arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Atentatuak argazkiak