Mundua -

Aita santua Kuban

Harremanak hobetzen segitzea eskatu die aita santuak Kubari eta AEBri

Raul Castrok harrera egin dio Habanan, eta igandean bilera egingo dute. Hilaren 22an, Kubatik Washingtonera joango da Frantzisko aita santua.

Frantzisko aita santua eta Raul Castro Kubako presidentea Habanara iritsi berritan. Argazkia: EFE
Frantzisko aita santua eta Raul Castro Kubako presidentea Habanara iritsi berritan. Argazkia: EFE
Kubatarrek harrera beroa egin diote aita santuari

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantzisko aita santuak nazioarteko hamargarren bidaia hasi du, kasu honetan Kubara eta AEBra; hain juxtu ere, bi herrialdeen arteko hurbiltze-prozesua mahai gainean dagoela egingo du bidaia aita santuak.

Habanara iritsitakoan egin duen hitzaldian, harreman diplomatikoen normalizazioan "aurrerapausoak ematen jarraitzera" eta beren "ahalmen guztiak garatzera" animatu ditu Kuba eta AEB.

"Itxaropenez betetzen gaituen gertaera baten lekuko izaten ari gara, hain zuzen ere, hainbat urtez elkarrengandik urrun izan diren bi herriren arteko harremanaren normalizazioarena. Elkarrizketaren kulturaren garaipena da hau", adierazi du Frantzisko aita santuak Habanako Jose Marti aireportura iritsi berritan.

Raul Castro Kubako presidenteak eskerrak eman dizkio aita santuari AEBren eta Kubaren arteko harreman diplomatikoak berrezartzen egindako lanagatik. Bestalde, aita santuaren bisitari dagokionez esan du "garrantzia handikoa eta aberasgarria" dela. Halaber, Castrok gogoratu du azken 80 urteetan etenik gabeko harremana izan dela Kubaren eta Vatikanoaren artean. "Harremanak onak dira eta errespetua da oinarri", gaineratu du.

Goizean irten da Frantzisko Italiako Fiumicino aireportutik, eta arratsaldean heldu da Habanara (22:00ak Euskal Herrian).

Raul Castro Kubako presidenteak egin dio harrera, baina hori da larunbaterako aurreikusita dagoen ekitaldi bakarra. Igandean egingo dute bilera Raul Castrok eta aita santuak. Frantziskok, gainera, hitzordua du Fidel Castro lehengo presidentearekin ere.

Kubako egonaldian zehar, hainbat hitzaldi egingo ditu aita santuak, eta meza ere emango du Habanan.

Hilaren 22an, Kuba utzi eta AEBra joko du Frantziskok, eta Washingtonen Barack Obama presidentearekin biltzeko asmoa du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ameriketako Estatu Batuak argazkiak Aita santua albisteak Gaurko azken ordukoa Kubako azken ordukoa