Mundua -

Europako Parlamentua

Merkelek eta Hollandek batasuna eskatu diote Europari

'Dublin' sistema berriz aztertzeko eskatu du Alemaniako kantzilerrak, “zaharkitua” geratu delako. Siriako gatazka “erabateko gerra” bihur daitekeela ohartarazi du Frantziako presidenteak.

Angela Merkel Alemaniako kantzilerra eta Francois Hollande Frantziako presidentea. Argazkia: EFE
Angela Merkel Alemaniako kantzilerra eta Francois Hollande Frantziako presidentea. Argazkia: EFE
Angela Merkel Alemaniako kantzilerra eta Francois Hollande Frantziako presidentea. Argazkia: EFE

EFE

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak eta Francois Hollande Frantziako presidenteak batasuna eskatu diote Europari erronka handiei aurre egiteko. Horrela, errefuxiatuen krisiaren eta Siriako gerraren aurrean batasuna beharrezkoa dela aldarrikatu dute bi agintariek Europako Parlamentuan.

Helmut Kohl eta Francois Mitterrand aurreko buruzagiek duela 26 urte egin bezala, Alemaniako eta Frantziako agintariek Europako Parlamentura jo dute erronka handienei eusteko asmoz. Oraingoan ez dute Gerra Hotzaren amaiera eztabaidatu, Europar Batasunaren premia larrienen inguruan baizik.

Ekialde Hurbiletik datozen milaka errefuxiatuen aurrean Europak elkartasuna agertu behar duela esan dute Merkelek eta Hollandek, bakoitzak bere aldetik.

“Europak erronka handi bati egin behar dio aurre beste behin ere, proba historiko bat gainditu behar du”, Merkelen ustez. ‘Dublin’ sistema berriz aztertzeko eskatu du Alemaniako kantzilerrak, “zaharkituta” geratu delako. Horren arabera, asilo eskatzailea hartzen duen estatua errefuxiatua onartzera behartuta dago.

“Erabateko gerra” baten arriskua, Sirian

Bestalde, errefuxiatu gehien hartzen dituzten Europar Batasuneko herrialdeei laguntzea eskatu du Hollandek. Frantziako buruzagiaren ahotan, “Ekialde Hurbileko eta Afrikako tragediek EBn izan ditzaketen ondorioez jabetzeko denbora asko” behar izan du Europak.

Francois Hollande Angela Merkel Europako Parlamentuan efe

Angela Merkel Alemaniako kantzilerra eta Francois Hollande Frantziako presidentea, Europako Parlamentuan. Argazkia: EFE

Siriako gatazka izan du hizpide Frantziako presidenteak, eta EBk esku hartu ezean, “gure lurraldeari eragin diezaiokeen erabateko gerra” bihur daitekeela ohartarazi du.

Estatuen nazionalismoaren arriskua

Besteak beste, Nigel Farage (Erresuma Batua) eta Marine Le Pen (Frantzia) eurodiputatu euroeszeptikoen kritika gogorrak, eta txistuak, entzun behar izan dituzte Merkelek eta Hollandek Europako Ganberan. Hollande Alemaniako “kantzilerordea” dela esan du Le Penek.

Estatuen nazionalismoa “arriskutsua” dela esan du Frantziako presidenteak, horrek “gainbehera” dakarrelako. Horregatik, “Europaren soberania handiagoa” eskatu du. “Erabakitzeko gaitasuna izan behar dugu nazionalismoa, populismoa edo estremismoa saihesteko”, adierazi du.

Eskuin muturreko europarlamentarien protesta efe

Eskuin muturreko eurodiputatuak, pankarta batekin. Argazkia: EFE

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EB Gerra Sirian Migrazioa Euskal Herria Alemania Frantzia berriak Angela Merkel albisteak Siria