Mundua -

Erreferenduma

Merkatu bakarra eta immigrazioaren kontrola aldarrikatu ditu Cameronek

Lehen ministro britainiarrak uste du "pazientziarekin", "borondate onarekin" eta "imajinazio politikoarekin" lor daitezkeela erreformak.

David Cameron Britainia Handiko lehen ministroa. Argazkia: Efe
David Cameron Britainia Handiko lehen ministroa.
David Cameron Britainia Handiko lehen ministroa. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

David Cameron lehen ministro britainiarrak Europar Batasuneko merkatu bakarra babestu eta EBko estatuetako immigrazioa gehiago kontrolatu beharra aipatu ditu Europar Batasuna erreformatzeko neurrien artean, eta "pazientzia", "borondate ona" eta "imajinazio politikoa" izanez gero, erreformak egin daitezkeela azaldu du.

Cameronek Londresko Chatham Housen egindako agerraldian esan duenez, britainiarrek erreferendumean hartzen duten erabakia "azkena" izango da, ez delako berriro negoziatzeko eta beste kontsulta bat deitzeko aukerarik izango.

Buruzagi kontserbadorearen ustez, Erresuma Batuak luzaroan hartuko duen erabaki garrantzitsuena hartuko dute herritarrek erreferendumean, eta Erresuma Batuak eta euroa ez duten beste herrialde batzuek merkatu bakarrean parte hartzeko aukera izan behar dutela azpimarratu du.

Immigrazioari dagokionez, Erresuma Batuan diru-laguntzak jaso baino lehen, bertan bizitzen gutxienez lau urte eramatea eta epe horretan zergak ordaintzea eskatuko diela adierazi du Cameronek.

Era berean, Erresuma Batuari integrazio gehiago ez eskatzea eta Europan lehiakortasuna areagotzea proposatu du.

Baikor agertu da

Donald Tusk Europako Kontseiluko presidenteari erreformei buruzko azalpenak emateko gutuna igorri dion egunean bertan azaldu ditu Cameronek jendartean EBrako nahi dituen erreformak.

Cameronek aitortu du Erresuma Batuak eta 27 estatu kideek "erronka" handia dutela aurrean, baina lortzeko modukoa dela "imajinazio politikoa" izanez gero.

"Uste osoa dut lortuko dugula Erresuma Batuarentzat eta Europako gainerako kideentzat baliagarria izango den akordioa", azpimarratu du lehen ministroak.

Halaber, lehen ministroak lotu egin ditu EBn erreformak egiteko premia eta segurtasun nazionala, azken urteotan mehatxuak sortu baitira Europarentzat; Estatu Islamikoa, Ukrainako krisia eta Siriako gerra zibilaren ondoroz sortutako errefuxiatuen afera, besteak beste.

Erreferenduma 2017a baino lehen deituko zuela agindu zuen Cameronek, eta datorren urteko lehenengo sei hilabeteetan egingo da, adituen ustez.

Aurreikuspenen arabera, immigrazioarena izango da auzi polemikoenetako bat, Erresuma Batuak jarrera horrekin bere herritarrak diskriminatzen dituela pentsa dezaketelako EBko estatu kideek eta Europako Itunean aldaketak egitea eskatuko duelako.

Dena dela, Erresuma Batuak Europar Batasun erreformatu batean jarraitzearen aldekoa dela berretsi du lehen ministro britainiarrak, baina ez du baztertu EBtik ateratzea, 27ekin egiten ari den negoziazioetan emaitza onik lortzen ez badu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Batasun europarra Europako herrialdei buruzko albisteak David Cameron Albisteak